Garia, garagarra eta oloa biltzeko garaia amaitu da Araban, eta emaitza "historikoak" utzi ditu uztak. Hala nabarmendu du UAGA nekazarien sindikatuak. Izan ere, batez besteko produkzioa aurreko urteetan baino handiagoa izan da, oso erregularra herrialde osoan, eta etekinetan ere gora egin du: garia eta garagarraren kasuan, hektareako zazpi mila kilo lortu dituzte; eta oloaren kasuan, hektareako sei mila kilo.
Arabako kooperatibek 166.000 tona gari, 96.000 tona garagar eta 36.000 tona olo bildu dituzte. Soilik 2012an eta 2016an lortu zituzten antzeko produkzio kopuruak.
Kalitateari dagokionez, "uzta bikaina" jaso dutela azpimarratu du UAGAk, pisu onak lortu dituztelako; gainera, garietan proteina eta hezetasun maila altua lortu dute.