Langabezian dauden 60 laguni lana bilatzen lagunduko diete

Erredakzioa 2019ko ira. 6a, 11:07

Gasteizko enplegu anezka bat. / Alea

Urriaren 9ra arte eman daiteke izena Gasteiz eta Laudioko anezketan.

Arabako Aldundiak eta Santa Maria la Real Fundazioak hiru enplegu anezka jarriko dituzte abian datorren urriaren bukaeran, bi Gasteizen eta bat Laudion, langabetuei "baliabide eraginkor bat" eskaintzeko, lan bat aurkitzeko aukera hobetze aldera. Urriaren 9a arte eman ahal izango da izena.

Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 200 arabarrek baino gehiagok parte hartu dute, 2016tik, eta haietatik ia % 60k besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak egin dituzte lan praktika eta guzti, Aldunditik azaldu dutenez. Aldundiak 114.600 euroko ekarpena egingo du hiru enplegu anezkak garatzeko, eta Santa Maria la Real Fundazioak haiek antolatzeko ardura izango du.

Gasteizko eta Laudioko anezkek 60 langabeturen esku jarriko dituzte beren gaitasunak eta trebetasunak hobetzeko baliabideak, bai eta lan merkatua aztertzeko eta lana lortzen ahalegintzeko bitartekoak ere. Eskaerak gaurtik aurrera aurkeztu daitezke urriaren 9a arte, anezken web orrian lanzaderasdeempleo.es, edo Gasteizen eta Laudion gaitutako bulegoetan. 18 eta 60 arteko, edozein prestakuntza mailako eta edozein lan sektoretako emakume eta gizon langabetuentzat da programa hau, esperientziarik ez duten edo dutenentzat.

Parte hartzaileak astean hiru aldiz bilduko dira bost hilabetez, Gasteizko eta Laudioko udalek utzitako lokaletan, eta teknikari baten laguntzarekin hainbat jarduera egingo dituzte haien lan bilaketa optimizatzeko: autoezagutzako eta adimen emozionaleko lantegiak, komunikazio dinamikak, curriculum vitae-a eguneratzea eta lan elkarrizketen simulazioa. Gainera, komunikazioko eta marka pertsonaleko teknika berriak ikasiko dituzte, enplegagarritasun mapa bat taxutuko dute, enpresetara bisitak egingo dituzte eta bilerak egingo dituzte giza baliabideetako arduradunekin.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago