Abian jarri dute euskara ikasteko matrikulazio kanpaina, Ikasi eta erabili euskara, merezi du eta! lelopean. Helduen euskalduntzea sustatzeko helburuarekin, euskaraz bizi nahi duten herritarrek horretarako aukerak izatea nahi dute Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta euskaltegiek.
Euskara ikasteko interesa duenak hilaren 12ra bitartean izango du gizarte etxeetako euskara ikastaroetara apuntatzeko epea. Guztira, 85 talde eskainiko dituzte, eta lau ikastarotan banatuta egongo dira: gurasoei zuzendutakoa (65 talde), 55 urtetik goragokoei zuzendutakoa (12 talde), atzerriko nazionalitatea duten lagunei zuzendutakoa (6 talde) eta merkataritza eta ostalaritzako langileentzako ikastaroa (2 talde). Gasteizko auzo guztietan izango da izena emateko aukera, gehienak gizarte etxe eta hainbat kiroldegitan. Era berean, mailen eskaintza zabala jarri dute eskura, A1 mailatik C2ra arte.
Euskara ikasteko deia egiteaz gain, erabiltzeko deia ere egin dute Aldunditik. Hala, horretarako aukera ematen duten ekintzak aurkeztu dituzte, baita ere: Gasteizko Mintzalaguna, GEU Elkarteak antolatutako Igandeak Jai! Familia giroan euskaraz programa eta gurasoentzako hitzaldiak eta lantegiak.