Alavesek puntu garrantzitsua lortu du Getaferen aurka

Ibon Gorrisi 2019ko ira. 2a, 10:36
Azken minutuetan Getafe garaipenaren bila aritu zen, baina ideiarik gabe. / ALAVES

Hiru partida jokatuta, galdu gabe jarraitzen du talde arabarrak. 

Getaferen futbol zelaian puntu bat urratzea ez da batere samurra. Alavesek larunbatean joko handiegirik egin gabe lortu zuen. Gainera, hiru partida jokatuta galdu gabe jarraitzen du eta horrek taldeari konfiantza emango dio hurrengo neurketei aurre egiteko.

Garitanok atzetik aurrera ari da taldea eraikitzen. Garrantzi izugarria ematen dio golak ez jasotzeari. Hori dela eta, Getaferen aurka bost atzelariekin jokatu zuen, zelai erdian lau jokalari jarri zituen eta aurrelari bakarrarekin ekin zion norgehiagokari. Hasieratik ikusi zen neurketa oso parekatua izango zela eta ez hori bakarrik, trabatua ere izango zela. Halaxe gertatu zen.

Hasieratik diseinaturiko plana ondo zihoan, talde madrildarrak ez zuen arriskurik sortzen eta azaroak izaten zituen baloia alderik alde mugitzeko. Baina nolakoak diren gauzak! 24. minutuan Wakasok zelai erdian baloia galdu zuen eta Jorge Molinak ederki aprobetxatu zuen gola sartzeko. Halere, Joseluk berehala berdindu zuen neurketa. Egia esanda, oso jokaldi nahasia izan zen baina azkenean baloia sarean bukatu zen.

Bigarren zatian gauzak ez ziren batere aldatu. Alavesek pitin bat aurrera egin zuen eta bazirudien garaipenaren bila joango zela baina ezerezean gelditu zen. Oso gol aukera gutxi sortu zituzten eta gehienbat baloia zelai erdian izaten zen. Egia esanda, bi taldeetako jokalariek borroka ikaragarria egin zuten baina joko gutxi eskaini zuten. Azken minutuetan Getafe garaipenaren bila aritu zen, ideiarik gabe eta Alavesek baloiak urrunduz ibili zen.

Azkenik, puntu oso garrantzitsua aurrera begiratzeko eta boladari jarraipena emateko. Hurrengo aste-bukaeran ez da partidarik izango. Irailaren 15ean Sevilla izango da bisitari Mendizorrotzean. Norgehiagoka interesgarria oso, taldearen izaera neurtu ahal izateko. 

Getafe: David Soria; Damian, Djene, Cabrera, Nyom, Fajr (Portillo, 57. min.), Aranbarri, Timor (Markel Bergara, 69. min.), Cucurella; Jorge Molina eta Mata (Angel, 61. min.).

Txartel horiak: 13’. Jorge Molina, 33’ Aranbarri, 89’ Markel Bergara

Alaves: Sivera, Martin, Laguardia, Ely, Duarte, Marin (Luis Rioja, 68. min.), Pina, Wakaso, Manu Garcia (Tachi, 87. min.), Aleix Vidal (Lucas Perez, 77) eta Joselu.


Txartel horiak: 89. Wakaso

Golak:

1-0: 24’. Jorge Molina
1-1: 31’. Joselu

Alfonso Perez koliseo futbol zelaiko harmailak:

10.806 ikusle bildu ziren eta horien artean Alaveseko zale asko. Partida hasi eta bukatu arte taldea animatuz aritu ziren etengabe. Bukaeran jokalariak beraiengana hurbildu ziren emandako laguntza eskertzeko. Pacheco, Alaveseko atezain titularra, berotze ariketetan ari zela lesionatu zen.

Tabernetako hitz eta pitz

Taldeak kanpoan jokatzen duenean normalean tabernetan elkartzen dira zaleak jokoaren nondik norakoak komentatzeko. Oso erraza ikusten da futbola zerbeza eskuetan izanik. Baina hori ere futbolaren xarma ere bada. Zutabetxo honetan zaleek egindako komentarioak edo esanak idazten saiatuko gara.

Getaferen aurkako partidan honako hauek izan ziren zaleen iritziak:

"Oso partida zaila da. Getafek gola sartzen badu gureak egin du. Bufff, gola sartu dute, orain ikusiko duzue zer zaila izango den berdinketa lortzea. Ze potra! Sinistu ezinik, ai zer nolako gola. Eskerrak berehala berdindu dugula. Ze gaizki ari gara! Talde honek alaitasuna behar du, joko alaia". 

"Beti berdin gabiltza, atzean sarturik. Horrela ez dago partida irabazterik. Gainera bost atzelariekin zer nahi duzu? Partida irabaztea? Ezinezkoa. Bai, baina gutxienez ez digute golik sartuko". 

"Bigarren zatian ez dugu gauza handirik egin. Bada, ia-ia ez gara gauza izan hiru pase jarraian egiteko. Beno, puntu bat eta nahiko. Partida kaxkarra baina gutxienez puntu bat. Orain Sevillari irabazi behar".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide