Zigoitia Euskaraz eta MagialdiAraba jaialdiek osatuko dituzte abuztuko azken egunak

Erredakzioa 2019ko abu. 30a, 09:23
Magialdiaren 2017ko edizioa./ Irudia: Magialdia

Herriko jaien artean, besteak beste, Kanpezukoen txanda da asteburu honetan. Bestetik, MagialdiArabak Markinezen izango du lehenengo geltokia, Hodei magoaren ikuskizunaren eskutik.

Abuztuaren amaiera iritsi da, eta harekin batera askotariko ekintzak dakartza Euskararen Agendak.

Arabako herri askotako jaiak izan dira hilabetean zehar, eta oraindik ere beste hainbaten txanda geratzen da. Gaur bertan, esate baterako, Kanpezun botako dute txupinazoa, 19:00etan, eta irailaren 3ra bitartean, 50 bat ekintzak osatuko dute egitaraua. Besteak beste, pilota partiduak, play back lehiaketa eta dantzaldiak izango dira herrian. Azken horren harira, Akerbeltz taldeak girotuko du gaurko arratsalde eta gaua, 20:30ean hasita.

Bestalde, Irri-barra gauak jaialdiaren azken proposamena eskainiko dute Gasteizko Falerina lorategian. Mikel Bermejoren Euskal Herritik kanpo antzezlana ikusteko aukera izango da gaur, 20:00etan. Euskal Herria utzi eta ikastera joan zenekoak kontatuko ditu gazteak, monologo formatuan.

Larunbaterako planak ere eskaintzen ditu Euskararen Agendak. Zigoitia Euskaraz programaren barruan, besteak beste, Baserriko porrusalda haurrentzako antzezlana ikusteko aukera izango da, 19:00etan, Eriben. Igandean, berriz, MagialdiAraba jaialdiak Hodei magoaren ikuskizuna eskainiko du, Markinezen, 20:00etan.

Ekintza gehiago Euskararen Agenda atalean!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide