Zurrumurruek aspaldi zabaldutakoa ofizialki jakinarazi dute Bahrain-Merida taldean, eta Mikel Landa izango da datorren urtean taldearen liderra. Taldearen webgunean jakinarazi dutenez, arabarra izango da hiru asteko itzuli handietan taldearen gidaritza beregain hartuko duen txirrindularia.
Egun, Vincenzo Nibali italiarra da Bahrain-Merida taldeko liderra, baina abenduan utzi egingo du, eta horrenbestez, arabarrak ez du beste inorekin lehiatu beharrik izango lider rola eskuratzeko.
Egungo taldean (Movistar), txirrindulari multzo indartsua izanagatik, barne lehia bizi behar izan du arabarrak eta egoera hori alde batera uztea nahiago izan du datorren denboraldian. Entzutetsuak izan dira azken bi Frantziako Tourretan Landa eta Nairo Quintana kolonbiarraren arteko barne lehiak. Egoera horretan, aurten, laugarren izan da Landa Italiako Giroan eta seigarren Frantziako Tourrean. Abendutik aurrera ordea, murgiarrak talde oso bat bere agindupena izateak, ustez, sailkapen nagusiak lehiatzeko aukera gehiago eskainiko dizkio.