'Fake news'-ak izango dituzte ardatz kazetaritza jardunaldiek

Erredakzioa 2019ko uzt. 31a, 20:53
Pedro Armestreren 'Haurren ezkontzak' erakusketa izango da Gasteiz Etorbidean. / P. Armestre

Pedro Armestre, Monica Garcia Prieto, Jesus Nuñez Villaverde, Sandrine Morel eta Karlos Zurutuza kazetariak izango dira hizlari.

Beste uda batez, Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiak egingo dira Gasteizen, abuztuaren 26tik 30era; gaurkotasun informatiboa aztertzeko saioak kazetari, prentsa-argazkilari eta berriemaileen eskutik."Informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzeko jardunaldiak dira, gogoeta eta eztabaida sortzeko asmoz", azaldu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantok.

Zazpigarren urte honetan azken hilabeteetan nagusi izan diren gaiak jorratuko dituzte: uraren krisia, Ekialde Ertaineko gatazka, populismoak edo fake news direlakoak, besteak beste. Informazio mota horretan esperientzia luzea duten kazetariak izango dira hizlari: Pedro Armestre, Monica Garcia Prieto, Jesus Nuñez Villaverde, Sandrine Morel eta Karlos Zurutuza.

Jarduera gehienak Europa jauregian egingo dira. Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu dute. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 

Kalean bertan, bestetik, Pedro Armestre prentsa-argazkilari galiziarraren argazki-erakusketa jarriko dute, Haurren ezkontzak izenburuarekin. Sierra Leonako hegoaldeko neska eta emakumeen egoera ikusarazi nahi du erakusketak. Gasteiz hiribidean ikusi ahalko da, Europa biltzar jauregiaren ondoan, abuztuaren 12tik irailaren 1era arte.

Hona hemen egitaraua: Kazetaritza, bertatik bertara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide