Gasteizko Jaiak 2019

Kuadrilletan, gorabeherak

Erredakzioa 2019ko uzt. 31a, 07:00

Bi blusa eta neska kuadrilla berri izango dira aurtengo jaietan: Gautarrak eta Mozkorraldi. / Alea

Federazioa osatzen duten blusa eta neska kuadrillek ezin izan dute diru-laguntzarik jaso, epez kanpo aurkeztu baitute dokumentazioa. Horrez gain, Biznietos de Celedon desagertu da, eta bi kuadrilla berri sortu dira.

Aztoratuta datoz aurten ere Gasteizko blusa eta nesken kuadrillak. Hainbat aldaketa zein berrikuntza izango dira Gasteizko jaietan, eta jaiak hasi aurreko tentsioa areagotu baino ez dira egin.

Diru-laguntzen afera dago erdigunean. Gogoratu behar da 2016. urtetik blusen eta nesken komisioarekin batera –hogei bat kuadrilla–,  federazioa ere arduratzen dela –sei kuadrilla– blusen inguruko kontu guztiez, eta ondorioz diru-laguntzen eredua aldatu behar izan zutela.

2017. urtera arte diru-laguntza hori hitzarmen baten bidez ematen jarraitu bazuten ere, pasa den urtean lehiaketa publikora atera zen lehenengo aldiz. Hala erabaki zuten, helburu berdina duten bi entitateri diru-laguntzak emateko asmoz. Udaletik gogoratu dutenez, diru-laguntzarako eskaeraren dokumentazioa entregatzeko epe bat dago, eta hori modu zorrotzean bete behar da. Komisioaren kasuan, garaiz ibili dira bertako kuadrillak; federazioak, ordea, egun bat beranduago aurkeztu zuen, epez kanpo, eta ezin izan du laguntza jaso. Komisioak eraman du, beraz, diru-laguntzaren zatirik handiena (81.330 euro, 87.000 euroko aurrekontu-sail batetik). 

Federazioko kideek "trabak" salatu dituzte, Andre Mari Zuriaren jaietan parte hartu eta kolaboratzeko. Udalarekin bildu edota ekarpenak egiteko garaian "oztopoak" baino ez dituztela izan esan dute. 

Irten eta sartu

Hori guztia gutxi balitz, kuadrillen artean ere izan dira aldaketak eta tentsioak. Hasteko, Biznietos de Celedon kuadrilla ez da aurtengo jaietan aterako; taldearen barruko tirabirak zirela eta, kuadrilla berri bat sortzeko erabakia hartu zuten: Gautarrak. Besteak beste, Biznietoseko kudeatzaileetako batek sortutakoa da. Zatiketa horrek ia kiderik gabe utzi du Biznietos de Celedon kuadrilla, eta ezin izango du jaietan parte hartu. Hain justu, urrezko ezteiak ospatu zituen kuadrilla honek, talderik beteranoenak.

Biznietos kuadrilla desagertu eta Gautarrak kuadrilla sortzearekin batera, beste aldaketarik ere izango da aurten. "Berpiztu" den kuadrillarik ere bada: Mozkorraldi. Kuadrilla hau 1980 eta 1982. urteetan zehar egin zuen ibilaldia, eta urte horietan izan zirenen seme-alabak batu dira orain, kuadrilla berriz antolatzeko. Hamar blusa eta neska inguruk osatzen dute taldea, baina ekimenera batu nahi diren pertsona gehiagoren bila ari dira, kolaboratzeko eta aurten bertan ateratzeko. Kide gehienak Los Bainas eta Bereziak taldeetatik datoz, eta, oraingoz, Komisioan eta Federazioan ez badaude ere, biekin biltzeko asmoa agertu dute, zein leku hartzen duten erabakitzeko. Kuadrillaren oinarriei eutsi nahi dietela gogoratu dute: errespetua, tolerantzia, berdintasuna eta mestizajea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago