Abuztuko uda giroa freskatzeko, Gasteizko jaietan bertsoz asetzerik izango da. Urteetako tradizioari jarraiki, Andra Mari Zuriaren jaietan bertsoak entzuteko parada izango da Aihotz plazan. Halabeharrezko zita, abuztuaren 5etik 9ra bitartean eguerdiro, 13:30ean, trikitilarien ostean.
Arabar nahiz Euskal Herriko zoko ezberdinetan bertso doinu eta neurritan kantari dabiltzan hainbat bertsolarik hartuko dute txanda bertan. Gazte nahiz beterano, emakumezko nahiz gizonezko, errepikatzen diren izenak, nahiz lehen aldiz halako plaza garrantzitsu eta exijente batean kantatuko dutenak, denak baitira ongi etorriak oholtza gainetik dakusan eta jai egunetan euskararen gune erreferente den Aihotz plazara.
Euskal Herriko txapeldun den Maialen Lujanbio, Arabako txapeldun den Iñaki Viñaspre eta Bizkaiko txapeldun den Onintza Enbeita arituko dira, besteak beste. Hala nola, lehen aldiz kantatuko dute oholtza honetan Unai Agirre, Eneko Lazkoz, Maddi Sarasua, Saioa Alkaiza edota Unai Anda arabar gazteek.
Bertsolarien lana exijentea bada, gai jartzaileena ere ez da gutxiago eta lanean dihardute azken asteetan bertsolari eta zaleentzat gozagarri izango diren lan eta ofizioak sortzen.
Ez da ordea Aihotz plaza, bertsotarako plaza bakarra izango, izan ere abuztuaren 3an, 12:00etan, hasiko baita bertso kantuen freskura Gasteizko txosnagunean. Bertan kantari izango dira Maialen Akizu, Manu Bendala, Jon Maia eta Izar Mendiguren, denak ere Maialen Kortabarria gai emailearen aginduetara ariko dira.
Beraz, bertsoz freskatu nahi duenak badaki non duen zita abuztuaren 3tik aurrera.