Araba, motor gainean

Erredakzioa 2019ko abu. 10a, 06:00
Motozaleentzat ibilbideak prestatu ditu Aldundiak. AFA

Motozaleen turismo gosea asetzeko bihurgunez, naturaz eta kultur ondarez beteriko lau ibilbide argitaratu berri ditu Arabako Foru Aldundiak; horietako bi zirkularrak dira eta beste biak linealak.

Argitalpen berria egin du Arabako Foru Aldundiak motorrean bidaiatzeaz gozatzen duten pertsonak herrialdera erakartzeko. Turismoko Nazioarteko Azokan (FITUR) aurkeztu zuten, eta dagoeneko turismo bulegoetan eta Europako moto klubetan eskuragarri dago. Material berriak lau ibilbide proposatzen ditu, "bihurgunez, paisaia zoragarriz eta lurraldeko natura eta ondare erakargarri nagusiz beteak".

Ibilbide horiek "motozaleek eta motozaleentzat" eginak dira, eta batez ere bigarren mailako errepideetatik egitekoak, trafiko zirkulazio txikia, zoru ona eta ikuspegi paregabeak baitituzte. Hegoalderantz presarik gabe, Iparralderantz presarik gabe, Haranak, Lautada eta Mendialdea eta Gazteluak eta ardoa dira denen artean ia 700 kilometro eta bihurgune asko dituzten ibilbide horien izenak.

56 orriko argitalpenak lau ibilbide horietako mapa bana jasotzen du, eta fitxa bat non motozaleek igaroko dituzten herri nagusi eta hartu beharreko errepideak bilduta. Gainera, motozaleentzat gidatzeko aholkuak ere ematen dituzte gida berrian.

Eginotik mugara

Hegoalderantz presarik gabe Eginon hasi eta herrialdeak Burgosekin muga egiten duen lekuan bukatzen da, Miranda Ebro parean, Fontecha herriaren inguruetan. 104 kilometrotan intereseko lekuak igarotzen dira: Aizkorri-Aratz parke naturala, Uribarri Ganboako urtegia eta barneko hondartzak, Gasteiz eta haren leku xarmangarri guztiak (Eraztun Berdea, Erdi Aroko alde zaharra, Santa Maria katedrala, jauregiak …) eta AÒanako Gatz Harana.  

Arabako Errioxatik Aiaraldera

Iparralderantz presarik gabe ibilbideak 152 kilometro ditu, Arabako hegoaldean hasi eta Laudion amaitzen da, eta bide horretan, Arabako Errioxa ezagutu daiteke, Herrera mendateko bihurguneez eta paisaiez gozatu, Urizaharreko hiribildu harresiduna miretsi, eta Aiaran atseden hartu. Lapuebla de Labarcatik ateratzen da ibilbidea; Eltziego, eta Guardia zeharkatu ostean sartuko da Arabako Mendialdean motozalea, eta hortik Gasteizera abiatuko da; Murgia eta Amurrio igaro ondoren, Laudion amaitzen da.

Gasteiztik zirkularra

Haranak, Lautada eta Mendialdea ibilbideetatik luzeena da, 261 kilometrokoa. Gasteizen hasi eta bukatzen da, eta leku hauetatik igarotzen da: Santa Katalinako lorategi botanikoa, Gatz Harana, Varonatarren dorretxea, Nerbioiko ur-jauzia, Kexaa, Laudio, Gorbeia eta Izki parke naturalak, Zadorrako urtegiak, Zalduondo, Agurain, Opakua, Done Bikendi Harana, Maeztu eta buelta Gasteizera.

Trebiñun barrena Errioxara

Azken ibilbidea, Gazteluak eta ardoa, ere ibilbide zirkularra da, Arabako hiriburua abiapuntu eta helmuga du, eta 181 kilometrokoa da. Ibilbide bitxi hau Gasteizko Mendietatik sartzen da Trebiñura, eta bertako errepideetatik abiatzen da Berantevillara, Zanbranako Ozioko eta Zabalateko gazteluetara, Jugalezko bidezidorra eta Herrerias ur-jauzia ezagutzera, eta ondoren, Urizaharretik, Arabako Errioxako upeltegietara eta mahastietara heltzen da: Samaniego, Eltziego, Lapuebla de Labarca, Guardia, Elvillar, Oion, Moreda eta Labraza zeharkatzen ditu, eta Bernedoko mendatetik itzultzen da Gasteiza, Lagran igarota eta TrebiÒuko Baxauri, Albaina eta Argote herriak atzean utzita. Bide horretan Armentia geldiune egokia da. 

Lehenengo bi ibilbideak linealak dira, eta pentsatuta daude herrialdea bidaia luzea eginez zeharkatzeko eta gauak bertan pasatzeko. Azkeneko bi ibilbideak, aldiz, zirkularrak dira eta Araba denbora gehiago igarotzeko tokia bezala aukeratzen duten motozaleentzat dira. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide