Gasteizko Jaiak 2019

Olagibel kaleko komisaldegian bilduko dituzte salaketak

Erredakzioa 2019ko uzt. 30a, 18:00

Olagibel kaleko 34. zenbakian bateratuko dute aurten jaietako arreta zerbitzua. / ALEA

Jaietan zehar salaketaren bat jarri nahi duten herritarrek Olagibel kaleko komisaldegira jo beharko dute, bertan bilduko dutelako arreta zerbitzua, bai Ertzaintzarena zein Udaltzaingoarena ere.

Abuztuaren 4tik 9ra salaketak jasotzeko gune bateratua egongo da aurten, Olagibel kaleko Ertzaintzaren komisaldegian; Santiago ospitalearen aurrean, hain zuzen. 24 orduz irekita egongo da komisaldegia, eta bertan Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak arreta zerbitzua emango dute. Gasteizko Udalaren arabera, erabakiak "arreta hobetzea" eta baliabideak "herritarrengana hurbiltzea" du xede. Udalak eta Segurtasun Sailak iaz izenpetu zuten hitzarmenaren barruan kokatu dute ekimena, eta bi polizien artean osatu duten koordinazio batzordeak hartu du erabakia.

Hortaz, delituren baten biktima diren herritarrek ez dute Agirrelandako egoitzara joan behar izango salakera jartzera. Ertzaintzaren egoitzan egongo diren udaltzainek ordenagailu eramangarrietan jasoko dituzte salaketak, eta ondoren Udaltzaingoaren aplikatibora eramango dute, bertan gordetzeko.

Argitu dutenez, polizia bakoitzaren eskumenen arabera eta herritarrak salatu nahi duen delitu motaren arabera bideratuko dute salaketa bakoitza. Modu berean, kontuan hartuko dute ere salaketaren inguruan aurreko polizia ikerketaren bat irekita dagoen, eta polizia bat edo bestea aukeratzeko herritarrek izan ditzaketen lehentasunak ere kontuan hartzen "ahaleginduko" direla ziurtatu dute.

Salaketak hurrenkeraren arabera artatuko badituzte ere, gogoratu dute lehentasuna izango dutela sexu-askatasunari lotutako salaketek, eta baita genero indarkeriari lotuta daudenek ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago