Zeledonen jaitsieraren zain egon gabe, abuztuaren 2an emango diote hasiera jaiei Gasteizko txosnek, kolektibo eta eragile desberdinen artean prestatutako egitarau betearekin. Betiko izaerari jarraituta, jai eredu euskaldun, feminista, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren aldeko "apustu garbia" egin dutela nabarmendu dute.
Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, 20:30ean, kalejiran joango dira txosnazaleak irekiera ekitaldira ostiralean. Eta hantxe banatuko dute aurtengo Txosnisaria; sari honen bidez, urtean zehar eragile edo norbanakoek egindako lana aitortzen dute. Aurten berezia izango da, azken urteetan Gasteizko txosnen antolakuntzaz arduratu den lantaldeak erreleboa emango duelako, eta beraiei emango diete saria. "Aurkezten ari garen egitarauaren prestakuntzak eskatzen duen lan handia errekonozitu nahi genuke omenaldi txiki honekin. Eskerrik asko eta zorionak!", aipatu zuten txosnetako kideek astelehenean egindako agerraldian.
Txosnetako kateak ez du etenik, ordea. Urtez urte, aurreko belaunaldien esperientzia eta lan egiteko modua jaso dutela gogoratu dute Jon Ander Elosegi eta Nadia Bernaus txosna batzordeko kideek. "Osasun ona dute txosnek. Azken urteetan kolektibo berri desberdinak batzen joan dira, eta lan egiteko modua ere igaro da batetik bestera", esan du Elosegik.
Aniztasuna, autogestioa eta kolektibotasun balioak oinarrian ditu txosna batzordeak, Askapena, Errekaleor Bizirik, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gazte Karpa, Hala Bedi, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921, Kalera eta Sukalde-gerrilla kolektiboek egindako ekarpenari esker. "Azken urteetan Errekaleor Bizirik, Mugimendu Feminista eta Ikasle Abertzaleak sartu dira, eta beste batzuk atera, ziklikoa delako txosna batzordea", gogoratu du Bernausek. "Sartzen direnak, baina, indarberrituta datoz, lan egiteko gogoz".
Kolektibo horien guztien materiala eskuratzeko, aurten ere, herri denda izango da, eta Ai Laket-eko lagunek droga testajea eta informazio gunea paratuko dute.
Aniztasuna, egunez egun
Egitarau orokorrari dagokionez, urtero bezala, egun bakoitzak izaera berezia izango du, herri-mugimenduaren aniztasunaren isla. Hala, abuztuaren 3a Entxosnazio Eguna izango da, abuztuaren 5a Elkartasun Eguna, abuztuaren 6a Egun Feminista, abuztuaren 7a Gazte Eguna, eta azkenik, abuztuaren 8a, Ikasle eguna.
Eta kolektibo desberdinak ezagutarazteko asmoz, gainera, aurten joko berri bat jarriko dute martxan: "Gasteizko herri mugimenduaren pasaportea". Entxosnazio Egunean emango dituzte horren inguruko zehaztasun guztiak.
Txosna batzordea anitza den bezala, gainera, txosnetara bertaratzen direnak ere hala izatea eta jaiez gozatzea nahi dute. Horregatik, aniztasun funtzionalari erantzuteko gune egokitua sortu dute eszenatoki nagusiaren aurrean, soinu-mahaiaren alboan, kontzertuez eroso disfrutatzeko.
Bestalde, Gasteizko txosna batzordeak bere egiten du mugimendu feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa eta, eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten diete emakume guztiei, eta oro har, jendarte osoari, jai-gunean gerta litekeen edozein erasoren aurrean batera erantzuteko. "Hala, erasotzaileei mezu bat helarazi nahi diegu: ez dira ongietorriak txosnen gunera eta edozein erasoren aurrean txosna-batzorde osoa izango dute aurrez aurre, gunetik kanporatzeko. Gasteizko jendarteari dei egiten diogu, erasorik pairatu edo ikusiz gero, Gasteizko Mugimendu Feministaren telefonora jotzeko: 688 744 411".
Txosnak, egunez egun:
Abuztuak 2, ostirala
- 20:30 Txosnagunera kalejira Andre Mari Zuriaren plazatik.
- 21:30 Inaugurazio ekitaldia eta txosnisaria.
- 22:00 Kontzertuak: ALDAKAN BELTZ, ERATU, SU TA GAR eta DJ PEREZ TROIKA SOBIET.
Abuztuak 3, larunbata | Entxosnatu Eguna
- 10:00 Irrien Lagunak ikuskizuna.
- 12:00 Bertso Saioa.
- 13:00 Herri Kirolak.
- 14:30 Entxosnatu eguneko Bazkari Herrikoia.
- 17:00 Dantza plaza eta umeen txokoak: jolasak, ginkana, ipuin kontalaria, magoa, puxikak…
- 22:00 Kontzertuak: GARILAK 26 eta DJ MALANDRO
Abuztuak 4, igandea
- 22:00 Kontzertuak: TARA, TRIKOMA, SKABIDEAN & THE BLACK BIRDS eta AIARALDEKO SOUND SYSTEM.
Abuztuak 5, astelehena | Elkartasun eguna
- 15:00 Herri bazkaria.
- 21:30 Elkartasun eguneko ekitaldia.
- 22:00 Kontzertuak: DUPLA, ZEA MAYS eta DJ ELEPUNTO.
Abuztuak 6, asteartea | Egun Feminista
- 13:30 Marianitada.
- 15:00 Bazkari feminista.
- 16:00 Bazkaloste musikatua.
- 22:00 Kontzertuak: NERABE, TRIBADE, THE BABOON SHOW eta DJ KOMANDO KLITORIX.
- 23:30 Egun feministako ekitaldia.
Abuztuak 7, asteazkena | Gazte Eguna
- 14:30 Gazte bazkaria.
- 22:00 Kontzertuak: ANITA PARKER, ESNE BELTZA eta DJ GIMBLEE (bitsa jaia – fiesta de la espuma).
- 23:30 Gazte eguneko ekitaldia.
Abuztuak 8, osteguna – Ikasle eguna
- 14:30 Ikasle bazkaria.
- 16:30 Bertso saioa.
- 17:30 Karrikan saioa.
- 22:00 Kontzertuak: NAFARROA 1512, KOP, KALEKO URDANGAK eta ELKARR KOLEKTIBOA.
- 23:30 Ikasle eguneko ekitaldia.
Abuztuak 9, ostirala
- 22:00 Kontzertuak: GORPUZKINGZ, MAFALDA eta DJ IRREGULAR.