MagialdiArabako bosgarren edizioa 15 herritara zabalduko dute

Erredakzioa 2019ko uzt. 29a, 13:33
Haurrentzako tailerrak izango dira MagialdiAraban. ALEA

Irailaren 1etik 15era egingo dute, irailaren 16an Gasteizen abiatuko den XXXI. Magialdiaren atariko gisa.

MagialdiArabaren bosgarren edizio egingo dute irailaren 1etik 15era, eta Arabako 15 herritara zabalduko dira magia tailerrak, animazioa eta mago profesionalen ikuskizunak. Berritasun gisa, adineko pertsonei zuzendutako magia tailerrak egingo dira aurten. Jose Angel Suarez MagialdiArabako zuzendariak azpimarratu duenez, adinekoen tailerrak jaialdia suspertzeko modu bat dira. "Horri esker, jende gehiagorengana iritsiko gara, eta MagialdiAraba ekitaldi berezi bihurtuko dugu".

Magialdiaren egitarau ofizialaren parte bat da MagialdiAraba. Irailaren 1ean hasiko da Markizen, eta hurrengo egunetan ekitaldiak egingo dira Arabako beste hainbat herritan: Ribabellosa, Aramaio, Kuartango, Ondategi, Legutio, Pobes, Arroiabe, Langraiz Oka, Berantevilla, Laudio, Dulantzi, Argantzon, Lagran eta Murgia. Tailerrak, animazioa eta ikuskizunak arratsaldez izango dira, Murgian izan ezik. Han goizez egingo dira.

Egitarauan, magia tailerrak izango dira; zazpi urtetik aurrerako haurrentzat, euskaraz, eta halaber Legution, Murgian, Langraiz Okan eta Ondategin adinduentzat prestatutako tailerrak eskainiko dira. Magia emanaldiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira eta bi artistek parte hartuko dute edizio honetan: Hodei magoak eta Tor magoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide