Salburua eta Uribarri-Arratzua arteko goi-tentsioko linea arbuiatu du Zurbaok

Erredakzioa 2019ko uzt. 29a, 11:12
Goi-tentsioko linea berria egin nahi du Iberdrolak. IREKIA

Goi-tentsioko linea berri bat jarri nahi du Iberdrolak; Zurbaoko kontzejuak 130 alegazio aurkeztu ditu lurperatzeko eskatuz.

Salburua auzoa eta Uribarri-Arratzua artean goi-tentsioko linea berri bat jarri nahi du Iberdrolak. Instalazioa airekoa izango da Zurbaoraino, eta Arkautin lurperatuko dute, Gasteizko hirian sartzeko. Zurbaoko Batzar Administratiboak ohartarazi du Iberdrolaren asmoak herrian eragingo duen kalteaz, eta dagoeneko 130 alegazio aurkeztu dituzte bizilagunek proiektuaren kontra. 

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren agintariekin bildu da Batzar Administratiboa. "Erakundeen babesa eskatzen dugu. Benetan biodibertsitatearen alde, pertsonen alde eta ingurumenaren alde baldin badaude hitz politak non geratzen diren ikusi nahi dugu; ez da onargarri hiriburutik kanpo bizi garen pertsonak baztertzea, eta landa eremuak aurrera egitea nahi badugu, errespetua eskatzen dugu eta gure lur emankorrak ez hondatzea". 

Fernando Murillo Zurbaoko Batzar Administratiboko lehendakariak azaldu duenez, goi-tentsioko linea berriak are gehiago bakartuko du herria: "Iparraldeko autobia dugu, beste goi-tentsioko linea handi bat herritik gertu, Abiadura Handiko Trena mendebaldetik, eta orain, ekialdean, argindar sare bikoitza egin nahi dute". Sarearen banaketa  egiteko, Iberdrolak hamabost argindar-dorre eraikiko ditu sare bakoitzeko. Aurkeztu dituzten alegazioetan, Zurbaoko bizilagunek gogoratu dute goi-tentsioko lineak lurperatzeko proiektuak daudela.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide