Araiako Umore Antzerki Jaialdia hogei bat herritara iritsiko da abuztuan

Erredakzioa 2019ko uzt. 29a, 09:46
'Zoaz pake santuan' obrak irekiko du jaialdia. MAXIXATZEN

Araia izango da erreferentziazko agertokia, abuztuaren 14tik 18ra bitartean.

Nazioarteko artisten eta konpainien hamalau ikuskizun biltzen dituen programazioa aurkeztu du Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren XXVI. Jaialdiak. Gainera, aurten, Arabako hogei bat herritara helduko da, abuztuan. Edizio berri honen helburua iaz izandako arrakasta errepikatzea da; izan ere, 10.000 ikusle baino gehiago izan ziren eskainitako emanaldietan.

Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol saileko foru diputatuak, Gotzon Lopategi Asparreneko Udaleko Kultura zinegotziak eta Javier Alkorta jaialdiaren zuzendariak gaur aurkeztu dute programa. "Kalitatea eta aniztasuna" nabarmendu dute hirurek. Komedia beltza, bakarrizketak, clown-a, zirkua, musika, amodio kontuak, gorputz hizkuntza eta antzerki klasikoa izango dira 2019ko kartelaren osagaietako batzuk.  

Araia izango da erreferentziazko agertokia, abuztuaren 14tik 18ra bitartean, hamaika emanaldi hartuko baititu: bost egingo dira Arrazpi Berri kiroldegiaren barruan; eta Araiako kaleak eta plazak agertoki inprobisatu bihurtuko dira, eta aire zabaleko sei ikuskizun hartuko dituzte

Jaialdia Txalo Produkzioak konpainiaren Zoaz pake santuan lanak inauguratuko du; Mikel Laskurain eta Ane Gabarain aktoreek antzeztutako euskarazko komedia beltza. Abuztuaren 14an izango da, 22:30ean. Abuztuaren 15ean, berriz, Ay Teatro konpainiak Todas hieren y una mata lana eskainiko du; abuztuaren 17an, Nacho Novo aktorea izango da protagonista, El cavernicola lanarekin; eta barruko ikuskizunak amaitzeko, abuztuaren 18an, Un poyo rojo lana taularatuko da izen bereko konpainiak.

Araiako XXVI. Jaialdiaren programa osoa HEMEN kontsultatu dezakezu; herrietako emanaldiak ere HEMEN dituzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide