Pinudietako onddoei aurre egiteko "bioestimulazioa" erabiliko du Jaurlaritzak

Juanma Gallego 2019ko uzt. 26a, 12:14
Pinudien gaitza arintzeko fumigazioak abiatu dituzte. / J.G.

Aramaion, Luiaondon eta Murgan probatuko dituzte pinudien gaitzari aurre egiteko produktuak. Oxido kuprosoa erabiltzeaz gain, beste hainbat konposatu probatuko dituzte, tartean soja "ez transgenikoa".

Pinudiek nozitzen dituzten banda marroia eta banda gorria gaitzeei aurre egiteko tratamendu esperimentala abiatu du Neiker-Tecnaliak, erakunde publikoak ohar batean ezagutzera eman duenez. Mycosphaerella espezieko onddoek eragiten duten gaitza arindu nahian, hainbat esperimentu egingo dituzte; horietako batzuk in vitro izango dira; beste batzuk, berriz, aire zabalean.

Barruko saiakuntzei dagokienez, laborategietan zein berotegietan egingo dituzte. Horietan 70 konposatu aktibo ebaluatuko dituzte, tartean hainbat fitosanitario ere. Emaitza hoberenak ematen dituzten produktuak landa gunera eramango dituzte ondoren.

Kanpoan, berriz, fumigazioak egingo dituzte, bai lurretik zein zerutik. Lurretik, motxila langargailuak baliatuko dituzte: horietan, fitosanitarioak, krustazeoen oskoletatik datorren kitina (kitosano klorhidratoa), soja lezitina, eztainu-belarra eta garagar-legamia, produktu horiek "landareen gaixotasunekiko erresistentzia naturala estimulatzen" dutelakoan. Airetik, berriz, oxido kuprosoa ere baliatuko dute. Gaur egun, produktu hori nekazaritza "ekologikoan" onartuta dagoen konposatu kimikoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan egingo dute, aukeratutako lur sailetan. Arabaren kasuan, Murgan egingo dituzte probak, lurretik, 8 hektareatan. Aireko saiakuntzei dagokienez, Luiaondon eta Aramaion, egingo dituzte, 60 hektareatan. Horietan, drone bat erabiliko dute.

Neikerrek ziurtatu du “segurtasunik handieneko eta ingurunearekiko errespetuzko irizpideei jarraituz” diseinatu dutela prozesua. Tratamendu hauek "urtero" egiteko asmoa azaldu dute, eta, horien ebaluazioa egingo dute. Lehenengo emaitzak sei hilabetean jakinaraziko dituztela azaldu dute, baina urte bat beharko dute horiek kontrastatu ahal izateko.

Soja "ez transgenikoa" izango dela zehaztu dute kaleratutako oharrean. Dena dela, gaur egun horrelako produktu bat erabiltzea ezinezkoa izango litzateke, Jaurlaritzak Euskadi "transgenikorik gabeko lurraldetzat" jo duelako, hitzez hitz ,"ekoizpen tradizional eta organikoa kutsadura transgenikoaren aurka babesteko". Hortaz, onddoari aurre egiteko genetikak eman lezakeen edozein aurrerapen erabiltzerik ez dago, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide