Aldundiak usapalaren ehiza bertan behera uztea txalotu du Eguzkik

Usapala babestuko du Arabako Aldundiak. EGUZKI

Ekologistek azaldu dutenez, azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dute europar usapala (streptopelia turtur) gero eta egoera larriagoan dagoela.

2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan europar usapalaren (streptopelia turtur) eta istingor txikiaren (lymnocryptes minimus) ehiza bertan behera utzi du Aldundiak, eta erabakia txalotu du Eguzki talde ekologistak. "Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, gutxienez, ehizatu daitezkeen espezieen zerrendatik ateratzearen alde egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat".

Talde ekologistak gogoratu du azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dutela europar usapala gero eta egoera larriagoan dagoela. Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arabera, europar usapalaren populazioak %78 murriztu dira, 1980 eta 2013 urteen bitartean, eta %29,  2004 eta 2013 urteen bitartean. Iberiar Penintsulan, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. "Bada, Penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak %30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da", azaldu du Eguzkik.

Hainbat herrialdek usapal-ehiza dagoeneko debekatu dute, baita Espainiako hainbat erkidegok ere (Kanariar Uharteek, Kantabriak, Asturiasek Valentziak). Hego Euskal Herrian momentuz Araba da espeziearen ehiza bertan behera utzi duen herrialde bakarra. Nafarroako Gobernuak dagoeneko baimendu du, eta Gipuzkoako Aldundiak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide