Gurpildun aulki elektrikoa eskuratzeko laguntza ukatu diote Janire Morari

Erredakzioa 2019ko uzt. 23a, 19:12

Hainbat jarduera antolatu dituzte Janireren aulkia erosi ahal izateko. / Una Tarta Por Janire

6.000 euro falta zaizkio gurpildun aulki elektrikoa erosteko.

Gurpildun aulki elektrikoa eskuratzeko diru-laguntza ukatu dio Eusko Jaurlaritzak Janire Mora gasteiztarrari, familiak sare sozialetan salatu duenez. Leire Retuerto amak azaldutakoaren arabera, Jaurlaritzako Osasun sailetik argudiatu dute haren alabak "ez duela gaitasunik" egokitutako aulki elektrikoan joateko, laguntza behar duela, eta, beraz, ez duela finantziazio publikorik jasoko. "Lotsagarria da halako argudioa erabiltzea, zortzi urte baino gehiago egin dituenean modu honetako aulki batekin", salatu du amak.

Tetraparesia espastikoa du Janirek, eta egokitutako aulki elektrikoa behar du bere kabuz mugitu ahal izateko; txiki geratu zaio orain arte erabilitakoa, eta beharrezkoa du berri bat. 18.000 bat euro balio du halako aulki batek, eta, Retuertok gogoratu duenez, 6.000 euro falta zaizkie kopurua lortzeko. "Hilabete bat baino gehiago egin dugu diru-laguntzen zain, eta azkenean hau; lotsagarria da, baina ez dugu amore emango", esan du amak. Duela bost urte arazo bera izan zuten aulkiarekin, Osasun sailetik laguntzarik ez ziotela emango esan zietelako hasieran. Epaitegietara jo, eta arrazoia eman zieten azkenik.

Beharrezko dirua lortzeko, bestetik, hainbat jarduera antolatu dituzte Una tarta por Janire ekimenari esker. Joan den hilean, esaterako, Gorbeiara txango bat egin zuten eta 1.000 euro bildu zituzten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago