Arabako eta Bizkaiako anbulantzietako Larrialdiak zerbitzuak kudeatzen dituen SSG enpresak udako estra ez duela ordaindu salatu du ELAk. Enpresak langileei azaldu dienez, likidezia-arazoak ditu Eusko Jaurlaritzak zorrak dituelako haiekin, eta horrenbestez banka-kreditu bat eskatu behar izan dute. Kreditua emanez gero, aparteko ordainsaria bi hilabeko epean ordainduko dutela agindu diete langileei.
Sektorean gehiengoa duen ELA sindikatuak nabarmendu duenez, zerbitzu horretako langileen eskubideak behin eta berriz urratzen ari dira: "Eusko Jaurlaritzak azpikontratatu du funtsezko zerbitzu publiko hori, eta hortaz, bera da erantzulea; enpresa horiek inpunitate osoz eta zerbitzuaren beraren eta lan eskubideen kaltetan egiten dituzten gehiegikerien ardura Jaurlaritzarena da". Arazoak konpondu ezean, mobilizazioak iragarri ditu sindikatuak.