Lau artista arabarren begietatik

Amaia Ugarteren lanetako bat 'I-kuspegiak' erakusketan. / Amaia Ugarte

Juan Mieg, Miguel Gonzalez de San Roman, Koko Rico eta Amaia Ugarteren lanak bildu ditu Vital Fundazioak 'I-kuspegiak' erakusketan.

Vital Fundazioaren erakusketa zentroan, belaunaldi eta disziplina desberdinetako lau artista arabarren artea ikusteko era partikularra aurkeztu dute 'I-kuspegiak, lau begirada' bildumaren bitartez. Berrogeita hamar lan inguru dira, horietako zenbait formatu handikoak, urriaren 6ra arte ikus daitezkeenak. Erakusketaren protagonistak ibilbide sendoa duten Juan Mieg, Miguel Gonzalez de San Roman eta Koko Rico dira, Amaia Ugarte gaztearen lan digitala eta Antonio Altarriba idazlearen kontakizunekin batera.

"Arteak bideak irekitzeko gaitasuna du, eta bide horietan, estetikaren bitartez, munduari begiratzeko era bereziaren eta sentiberatasunaren bitartez, helmuga gure emozioak iratzartzea besterik ezin daiteke izan. Erakusketa honetan, bide hori egiteko lau era elkartu dira eta emaitza ezin daiteke ikusgarriagoa izan", azaldu du Axier Urrestik, Vital Fundazioaren zuzendari nagusiak. "Lau artista arabar dira, disziplina desberdinetakoak, bizi-ibilbide desberdinak dituztenak, hiru ospetsu dagoeneko eta promesa bat, eta artera eta bere adierazpen modu desberdinetara hurbiltzeko ikuspuntu berria ireki digute haien lanen bidez", zehaztu du Axier Urrestik.

Erakusketa Vital Fundazioaren areto nagusian izango da ikusgai uztailaren 18tik urriaren 6ra, astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera dohainik da.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide