Tribu ehiztari, ibiltzaile eta nomadaren bila

Mirian Biteri 2019ko uzt. 19a, 06:09

Donejakue ibilbidea Euskal Herritik igarotzen diren tarteak egiten dabiltza 150 lagun, EuskarAbentura egitasmoaren barruan.

Araba atzean utzita, bidean aurrera jarraitzen dute EuskarAbenturan parte hartzen ari diren jzioquitarrek; kilometro asko dituzte oraindik aurretik, uztailaren 31n, Getxora heldu arte. Uztailaren 1ean Maulen ekin zioten 798 kilometroko ibilbideari, eta hamaika egun beranduago Arabara sartu ziren. Oinezko kilometrorik gabeko eguna izan zen hori. Goizean, Donemiliaga Kukulako Yuso monasterioa bisitatu zuten, EuskarAbenturaren leloa eta jzioquitarren beraien izenaren zergatia ikasten; bertan daukate gordeta orain arte aurkitutako euskarazko esaldi idatzi zaharrenak jasotzen dituen eskuizkribuaren erreplika: Jzioqui dugu guec ajutu ez dugu. Jarraian, autobusez egin zuten Gesaltzarainoko bidea.

Gaua bertan pasa ostean, egunero bezala, 07:00etan jaiki eta gosaldu eta dena jaso ostean, Argantzonera abiatu ziren. Ohikoa den moduan, hiru taldetan banatu ziren: trikuak edo bere burua mantsoen ikusten dutenak izan ziren lehenak irteten; handik 10 minutura, kattagorriak; eta azkenik, erbiak.  Modu horretan, zailtasunaren arabera gorriz, laranjaz edo horiz bereizita dituzten etapa amaierara denak batera heltzea lortzen dute.

Eguerdi partean heldu ziren Trebiñuko herrira. Eguzkiak gogor jotzen zuen, eta heldu bezain pronto errekan bainu freskagarria hartu zuten. ALEAk bertan zuen beraiekin hitzordua eginda, abenturaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko eta protagonistekin zuzenean hitz egiteko. Nekatuta baina pozik agertu ziren guztiak.

Stockholmeko gazte bat

Komunikazio arloko Igone Mariezkurrenak azaldu du "guztia oso martxa onean" doala, eta pasa den urteko lehen edizioarekin alderatuta, "antolatuagoa" dagoela. Horrekin lotuta, azpimarratu du jzioquitarrak "zoragarriak, oso jatorrak eta arduratsuak" direla: "Talde kohesioa lortu dugu; familia bat gara, tribu ehiztari, ibiltzaile eta nomada bat". Denera, 121 gazte dira. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik iritsitakoak guztiak, bat izan ezik: Stockholmeko neska bat ere badago abenturan parte hartzen, aita euskalduna duena eta udak Euskal Herrian pasatzen dituena.

Gazteak ez daude bakarrik; familia urdina dute ondoan. Hain justu ere, abenturaren martxa egokiaz arduratzen direnak.

Lau taldetan dago banatuta familia urdina: logistika taldea osatzen duten bi lagun eta bi furgoneta; bi mediku eta erizain bateko osasun taldea; komunikazioaz arduratzen diren bi kazetari, kamerari eta argazkilari bana eta Berriako bekaduna; eta sherpak edo begiraleak.  

Proiektuaren programazioarekin jarraituz, Mariezkurrenak azaldu du goiza bidean eman ostean, arratsaldeetan ekintza osagarriak egiten dituztela: tailerrak edo mintegiak, eta baita bisitak ere. Guztira, 50 ekimenetik gora. Hizkuntza, soziolinguistika eta euskararekin lotutako jarduerak daude, batetik; eta bestetik, feminismoa edo ekologismoa bezalako gizarte gaiekin lotutakoak. Horrez gain, iazko eta aurtengo jzioquitarrak elkartzeko bi topaketa antolatu dituzte. Lehenengoa Iruñean egin zuten, eta bigarrena, Donostia eta Zarautz arteko etapan egingo dute. "Gazte euskaldunen sare bat eratzea eta mantentzea dute horiek helburu".

Araban, guztira, lau egun egin zituen tribuak, Gesaltzan, Argantzonen, Gasteizen eta Araian geldiuneak eginez. Handik, Aizkorri-Aratzetik barrena, Gipuzkoarantz abiatu ziren uztailaren 15ean. Jarraitu dezatela orain arte bezain gogotsu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide