Edinburgoko Book Festival liburu azokan izango dira Atxaga eta Zaldua

Erredakzioa 2019ko abu. 10a, 10:51
Abuztuaren 10ean parte hartuko du Iban Zalduak. / Mikel Ezkerro

Etxepare euskal institutuaren eskutik, hainbat sortzaile izango dira abuztuan ospatzen diren Fringe eta Book jaialdietan.

Abuztuaren 10etik 18ra bitartean, hainbat euskal idazlek euren lanak aurkeztu eta literaturaren inguruko hainbat solasaldi eta ekitalditan parte hartuko dute Edinburgh Book Festival jaialdian; tartean izango dira Bernardo Atxaga edota Iban Zaldua. Eskozian garatzen ari den Scotland Goes Basque ekimen kulturalaren udarako sasoian kokatzen da jarduera hau, Fringe arte eszenikoen jaialdian parte hartuko duten euskal konpainien lanekin batera.

Euskal literatura aurten gonbidatu berezia izango da Edinburgh International Book Festival jaialdian. Abuztuaren 10-26 bitartean egingo da, baina euskal idazleen presentziak 10etik 18erako egunak hartuko ditu.

Iban Zalduak, Chejov vs. Shakespeare proiektuaren emaitza aurkeztuko du abuztuaren 10ean, ekimenean bere bidelagun izan den James Robertson idazle eskoziarrarekin batera. Sorburua Donostia 2016 Kultur Hiriburutzan duen proiektu honek, herrialde eta errealitate ezberdinetako bi idazlek gutun-korrespondentzia partekatzean datza, eta hala egin dute urtean zehar Zalduak eta Robertsonek. Guztira hamabi eskutitz idatzi dizkiote elkarri, bakoitzak sei, eta horietan literatura, hizkuntza, edota Europako egungo erronka eta gatazkak izan dituzte hizpide.

Bernardo Atxagak, beste alde batetik, Indigenous Voices zikloan hartuko du parte, abuztuaren 17an; bere lan batzuk ingelesera itzuli ohi dituen Margaret Jull Costa itzultzailearekin izango da. Harkaitz Canok, Danele Sarriugartek, Uxue Alberdik, Eñaut Elorrietak eta Eider Rodriguezek ere parte hartuko dute idazleen solasaldietan. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide