Aurten historiako lehenengo gimnasia erritmikoko mundiala jokatuko dute junior kategorian, eta tartean bi arabar izango dira lehian: Salma Solaun eta Teresa Gorospe. Igandera bitartean izango da lehia, Moskuko Irina Viner-Usmanova pabiloian.
Beti Aurrera taldeko 14 urteko neska biak Espainiako taldean arituko dira, Lucia Gonzalez valentziarrarekin batera. Soka eta zinta ariketak egingo ditu Solaunek, pilota ariketak Gorospek, eta maza saioan parte hartuko du Gonzalezek. Beti Aurrerako zuzendari tekniko Marga Armasek egingo ditu entrenatzaile lanak.
Asteazkenean abiatuko da taldea Madriletik Moskura, ostegunean entrenamendu ofizialak izango dituzte eta ostiralean hasiko da txapelketa. Atal bakoitzeko zortzi gimnasta onenek igandeko finalean lehiatu beharko dute, eta hor erabakiko da junior kategoriako Munduko irabazlea nor den.
"Esfortzu handia"
Aurretik, Bulgaria eta Israelen lehiatu dira Solaun eta Gorospe, eta Espainiako taldetik marka onena egin dute gazteek; baita Espainiako junior txapelketan ere, puntako markarekin, irabazle eta irabazleorde modura. "Hemen errendimendu handiko zentrorik ez dugun arren, eta baliabide nahikorik ez izan arren, esfortzu handiz aurrera egin ahal izan dute honaino heldu arte", azaldu du Armasek, eta gazteekin batera Moskura joan ahal izatea "amets bat" dela dio entrenatzaileak. "Gogo handia dugu inauguratu berri duten pabilioia zapaldu eta saioekin hasteko; urduri eta hunkituta gaude".
Moskura abiatu aurretik, azkeneko entrenamendua izan dute astearte goizean. "Esperientzia aberasgarria izateko gogoz gaude; tapiza zapaltzeko irrikaz".