Molde artistiko berriak, hiriaren eta landaren arteko harremanak islatzeko

Erredakzioa 2019ko uzt. 13a, 06:00
Bastidan garatuko du Oihane Amurriok bere proposamena. PHOT.OK

Sei artista gaztek esku-hartzeak, eskulturak nahiz koreografia berriak gauzatuko dituzte Arabako hainbat herritan eta naturagunetan. Artiumek eta Diputazioak sustatu dute proiektua.

Eskualdea izeneko deialdi publikoaren barruan, aurtengo bigarren seihilekoan, sei artista gaztek hainbat motako esku-hartze artistikoak egingo dituzte Araban: Izkiko parke naturalean, Kuartangon, Gatz Haranean eta Bastidan, besteak beste. Arabako Kultura Sailak eta Artium Fundazioak babestu eta finantzatu duten asmoari esker, hiru obra proposatzen dituen komisariotza-proiektu bat eta hiru ekoizpen artistiko finantzatuko dira.

Sorkuntza-lana eta pentsamolde garaikidea Arabako gizarte osoari hurbiltzea, arte-testuinguru arabarraren garapena bultzatzea eta landaren eta hiriaren munduen arteko erlazioen gaineko hausnarketa sustatzea dira Eskualdea proiektuaren helburuak. 

Un triángulo, 3 vértices ser rizoma obraren komisario lanak Leyre Goikoetxeak egin ditu, eta hiru artista arabarren lanak barne hartu ditu: Miriam Isasik Izkiko Parke Naturalean egitekoa den esku-hartze bat proposatzen du, Carpinteros. Parkeko okilen ahots desberdinak grabatuz, eta behaketa eta artxiboko materiala berreskuratuz, Isasik pieza performatibo bat sortuko du –koreografia eta musika–, agertoki natural batean irudikatu eta bideoan grabatuko dena. Memorias de azufre y sal da, bestalde, Anabel Quincocesen proposamena. Kuartangoko Bainuetxeko ur sufretsuak eta Gatz Haraneko ur gaziak gogoan izan ditu, eta eskultura-multzo bana egingo ditu bainuetxearen kanpoan eta barruan; Gatz Haraneko zenbait sorotan, berriz, beirazko hainbat eskultura ipiniko dira. Belén Cerezok, azkenik, landaldeko bizimoduaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko hausnarketa bat proposatzen du, Artziniegako Museo Etnografikoan egingo duen interbentzio baten bitartez. 

Ekoizpen artistikoak herrietan

Norbanakoen ekoizpen artistikoei dagokionez, Raisa Alava artistak  Sin título proiektua aurkeztu du. Zeramikazko lantegi parte-hartzailea proposatzen du Alavak, Amurrion, hantxe hazi baita eta hantxe egin baititu ikasketak. 

Oihane Amurriok, berriz, El cuerpo traumado en un espacio proposamena prestatuko du. Bastidako herriko familiaren baratzean irudiak eta soinuak erregistratuko ditu eta solasean arituko da herriko hainbat pertsonarekin. Ekintza horiek erakusketa baten abiapuntua izango dira, eta  horretan islatuko ditu "espazioaren (nire baratzearen) kartografia batzuk", eta, aldi berean, "nire gorputzarenak".

Gidaliburua da hautaturiko hirugarren proiektua, Mario Paniegorena. Artista arabarrak azken urteotan egiten ari den lanaren –Manual de instrucciones– proposamen berriak aurkeztuko ditu.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide