2009ko uztailaren 13an ireki zituen ateak Atariak, Salburuko hezeguneak interpretatzeko zentroak. Hamar urte hauetan, 875.076 lagunek bisitatu dute, eta Gasteizko biodibertsitatearen ikur bihurtu da; Arabako ekipamendurik bisitatuenetako bat da.
Hainbat eratako jarduerak bildu izan ditu urte hauetan, batzuk ludikoagoak, familiei eta haurrei zuzenduak, beste batzuk kontzeptualagoak, flora eta fauna espezien ikerketaren eta kudeaketaren inguruko lanak ezagutzera emateko, herritarren artean zientzia zabaltzeko eta parkeak berak dituen ingurumen-balioak ezagutarazteko.
Ospakizunak
Urte hauek ospatzeko asteburu honetarako programatutako jarduera nagusia BioBlitz 2019 ekitaldia izango da; larunbat eta igandean Salburuan esploratzaile aritzeko aukera izango dute bisitariek. Zientzialarien eskutik, eremu jakin bateko organismo guztiak identifikatuko dituzte interesdunek.
Gainera, hamargarren urteurrena dela eta, gaur Atarira egindako bisitan, bi zikoina zuri askatu dituzte Gorka Urtaran alkateak eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzi Ana Oregik. Arabako zikoina koloniarik handiena dago Salburuan, eta aintziren bazterretako zuhaitzak eta aurreko hamarkadetan horretarako jarritako plataforma artifizialak baliatzen dituzte habia egiteko, baita inguruko elizetako kanpandorre eta teilatuak ere.