Zaballan hildako azkeneko presoaren familiak gezurtatu egin du Espainiako Gobernuaren bertsioa

Erredakzioa 2019ko uzt. 12a, 11:15
Zaballako presoen heriotzak salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. / Hala Bedi

"Drogak" izan dira arrazoia Espainiako Gobernuaren arabera, eta ukatu egin du familiak autopsia aurreko txostena oinarri.

Azken hilabeteetan Zaballako espetxean hil diren presoei buruz Espainiako Gobernuak emandako datuak argitaratu ditu gaur Hala Bedik. Horien arabera, 22, 24, 28 eta 30 urteko lau lagun hil dira 2019a hasi zenetik, eta heriotza horien zergatiak ere aipatu ditu: bere buruaz beste egin zuten bi presok, eta drogekin lotu ditu beste bien heriotzak.

Apirilean hil zen Xabier Gonzalez Garciaren (28 urte) familiak, ordea, gezurtatu egin du Espainiako Gobernuak emandako bertsioa, eta hala berretsi du Salhaketa presoen alde lanean ari den elkarteak ere. Gonzalezen heriotzak drogekin zerikusia izan zuela dio Espainiako Gobernuak, eta faltsua dela esan du familiak, autopsia aurreko dokumentuak jaso zuen moduan. "Arnas gutxiegitasuna" jasotzen zuen txostenak, eta "heriotzaren zergatia ikertzeko" zegoela. "Droga"-ren aipamenik ez da inon agertzen, beraz. 

"Larria da hilketaren zergatia baieztatuko duen autopsia dokumentu eta txosten toxikologikorik gabe halako argudioak ematea, autopsia aurreko agirian ere agertzen ez den 'droga' aipatuta", salatu du familiak Hala Bediri bidalitako oharrean. "Eta are larriagoa litzateke beharrezko frogak izan eta familiari ez jakinaraztea".

Gonzalezen familiak salaketa bat egin zuen maiatzean ere, lehendabiziko autopsiaren emaitzak osorik jakin aurretik erraustu zutelako gaztearen hilotza. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide