Sormena lantzeko egunak

Mirian Biteri 2019ko uzt. 12a, 09:28
Hilaren 16an hasiko dira saioak. / Zineleku

Asteartean, hilak 16, hasiko da Zineleku egitasmoaren laugarren edizioa.

Hamabi egunez egongo dira Euskal Herri osotik iritsitako 18 eta 29 urte bitarteko gazteak Zineleku programan parte hartzen; hilaren 16an emango diote hasiera prestakuntza eta sorkuntza helburu duen proiektuari, eta uztailaren 27ra arte, zinema tailerrak, zinemagintzako edo beste arlo batzuetako profesionalen saioak, proiekzioak, performanceak eta kontzertuak izango dituzte Gasteizen.

Egitarau zabala prestatu dute Alde Zaharreko Santa Maria aterpean elkarrekin biziko diren gazteentzat. Zineman zein bestelako jardueratan ibilbidea duten profesionalek askotariko eskolak eskainiko dituzte, eta saioak amaitzean, hainbat jarduera izango dituzte, hala nola, zinema edo literaturari buruzko solasaldiak, ikus-entzunezkoak, proiekzioak edo kontzertuak.

Askotariko irakasleak

Eskolei dagokionez, Oskar Alegriak, adibidez, generoaren dislokazioei buruz jardungo du; Maider Oleagak, gorputzetik idazteaz; Sra. Polaroiskak, eszenaratzeko lehen zirriborroez; eta Musergok (Maite Arroitajauregi), gorputza eta soinuez. Garbiñe Ortega, Txubio Fernandez de Jauregi, Xabier Erkizia, Arantza Santesteban eta Idoia Zabaleta izango dira, besteak beste, parte hartuko duten beste profesional batzuk.

Horiez gain, lehen egunean, Eugenio Mira zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute partaideek, Baratza aretoan; uztailaren 17an, berriz, Nahikari Ipiña aurrekontu handiko nazioarteko zein tokiko filmen produkzioek suposatzen duten erronkari buruz arituko da. Hilaren 20an, entzute kolektibo saioa dute Alfredo Costa Monteiroren eskutik, Artiumen;  eta igandean, Marina Azahuak kamera biolentziarako tresna bezala erabili izanaren inguruko hausnarketa proposatuko du, Zas kultura gunean. Uztailaren 24an, berriz, kale ekintza izango dute Zinelekuko artistek eta ikasleek elkarlanean.

Proiektuari buruz honakoa azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek: "Helburua da diziplina arteko prestakuntza ematea ikus-entzunezko sortzaile berriei, ikuspuntu komunitariotik". Tailerrak ikus-entzunezkoen arloan unibertsitateetan ematen diren edukiak osatzeko daude pentsatuta; hori horrela, parte-hartzaile tailerretan parte hartuko dute lehen zortzi egunetan, eta gainerakoetan, partaide bakoitzak praktika mota bat garatzeko aukera izango du.

Uztailaren 26ko amaierako jaian, ikasleen eta artisten elkarlanaren ondoriozko lan esperimental eta diziplinarteko proiektuen aurkezpena egingo dute

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide