EAJk eta PSEk agintaldi honetarako gobernu hitzarmena sinatu dute gaur. Akordioak "pertsonak" jartzen ditu gobernu-ekintzaren epizentroan, azaldu dutenez, eta alderdien arteko indarrak batu nahi dituzte "Gasteiz hiri erakargarriagoa eta bizi-kalitate handiagokoa izan dadin".
"Akordio honen arrakastaren bermea da hiriaren indarguneetan oinarritzen dela, eta batzeko helburua duela, proiektuak batzea, borondateak batzea", azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Ituna beste alderdi batzuei irekita dagoela berretsi du Maider Etxebarria lehen alkateordeak: "Bi alderdik aurkezten dugun arren, irekia dago gurekin bat egin nahi dutenei. Batzea da baldintza bakarra. Horixe delako Gasteizerako nahi duguna: batuketak, eta ez kenketak".
Akordio honen arabera, jeltzaleek, alkatetzaz gain, kirola, ogasuna, giza baliabideak, lurraldea eta klimaren aldeko ekintza eta mugikortasuna sailak kudeatuko dituzte. Sozialisten esku, berriz, gizarte politikak, sustapen ekonomikoa, hiri segurtasuna, hezkuntza eta kultura, udal administrazioa eta hiritarren partehartzea eta gardentasun saila geratuko dira.
Atalez atal
Hala, gizarte gaiei dagokienez, besteak beste, adinekoentzako zentro soziokultural berriak aurreikusi dituzte San Martin eta Judimendirako, Lakua-Arriagakoa handitzea, eta Santa Luzian beste bat sortzeko azterlana. Adinekoentzako udal bulegoa sortuko da eta haiei arreta emateko zerbitzu berriak, itunaren arabera.
Mugikortasun gaietan, berriz, abiadura handiaren etorrera eta lurpeko integrazioa izango dute gai nagusi, eta, horrekin batera, Forondako aireportua sendotzea, Jundizko plataforma intermodala garatzea, autobus elektriko adimentsua ezartzea, tranbia hedatzea eta super-etxadiak garatzea, beste gai batzuen artean.
Ingurumen gaiei dagokienez, Salburua-Zabalgana ekobulebarra egitea trenbidea lurperatzeak libre uzten dituen lurretan, auzoetako inbertsioak, Eraztun Berdea sendotu eta osatzea, eta udalerria osatzen duten 63 herrien landa-garapenaren aldeko apustua adostu dituzte.
Egitasmo handien artean, bestalde, honakoak nabarmendu dituzte: Gasteiz Convention Bureau sustatzea, Kultura Plan Estrategikoa garatzea, Senda ibilbidean auditoriuma eraikitzea, Principal antzokia eraberritzea, Iradier Arena hobetzea, Mendizorrotzeko estadio berria eraikitzea, kirol instalazioak berritzeko plana, kirola eta ohitura osasungarriak sustatzea.