"Elikadura Jokabide Nahasteak ez dira 'umeen arazotxoak'"

Anakoz Amenabar 2019ko uzt. 7a, 07:00
'Kg.' liburua aurkeztu du Negu Karlssonek. / Esti Lanao

Elikadura Jokabide Nahasteak izan dituen gazte baten esperientzia jasotzen du Kg. liburuak. Gaixotasun larri hau ezagutzeko "bidaia liburu bat" dela dio Negu Karlsson ezizena duen protagonistak. 

Hori baino gehiago ere bada, ordea; literatur genero ezberdinak uztartu eta gertakari ugariren bilduma ere bada. Alea FM saioan izan da Negu Karlsson (Donostia, 1985), bere lehenengo liburua eskuan. 

TCA edo Elikadura Jokabide Nahasteekin izandako esperientzia kontatzeko beharrak bultzatu zaitu liburua idaztera?

Liburu hau neurri unitate baten inguruan idatzitakoa da: kilogramoa. Gaixotasun honen teknizismotik urrundu nahi nuen, eta gizarte osoak ulertzeko moduko lana izatea. Elikadura Jokabide Nahasteak izan ditut 5 urtetik orain dela gutxi arte, eta kontatzeko beharra nuen. Nire bizitzaren zati handi bat tintara pasatu dut; letretara igarotzeko beharretik sortu da liburu hau, hainbatentzat baliagarri izan daitekeena. 

Egitura berezia du liburuak, genero ezberdinak tartekatuta.

Nire helburua da liburua eskuetan duenak protagonistarekin batera bidaia egitea. Horretarako, alegiazko istorioak daude, poesiak, Europatik egindako bidai baten esperientziak, amodio istorio bat. Nire bizitza osoaren errepasoa egiten du modu batera edo bestera.

"Haurra nintzenetik, harreman zuzena eta estua izan dut janariarekin. Siamesen modukoak izan gara, bata bestearengandik aldendu ezinik", diozu liburuaren aurkezpenean. 

Hala da. Bost-sei bat urterekin konturatu nintzen harreman estua nuela janariarekin. Beti esaten dut bikiak baino gehiago garela, siamesak bezala, eta apenas bereizten garela. Etxean janari asko jatera behartzen ninduten, desegituratutako familia baten parte, eta eskolan jazarpena jasotzen nuen, mutil isila, potoloa eta ezberdina nintzelako. Horrek guztiak Elikadura Jokabide Nahasteak piztu zituen nire buruan, sintomatologia nabarmendu baino lehenago. 

Hamazazpi urterekin jateari uztea erabaki zenuen. 

Plan bat antolatu nuen eta jateari utzi nion. "Gaurtik aurrera ez dizut kasurik egingo", esan nion amari, eta nolabaiteko estatu kolpea eman nuen etxean. Nire burua potoloa ikusten nuen ispiluan, eta hilabete terdi batean 85 kilo izatetik 52 izatera pasa nintzen.

Laguntza eske jo zenuen urte batzuen ostean.

Bai, beharrezkoa izan zen erabaki hori. Gaur egun nire emaztea denarekin terapiara joatea erabaki nuen, eta han emozioen kudeaketa arazo bat nuela onartu nuen, arazo fisikoekin batera; umea nintzenetik garatutako gaixotasuna. Hitza eta testuekin, pixkanaka-pixkana, gaixotasuna normalizatu, ulertu eta garaitzen joan naiz.

Familiak nola bizi izan du gaixotasuna? 

Familiak beti sufritzen du, askotan ez dakielako zer egin. Blokeo momentu bat izan zuen. Liburu honekin, baina, ez dut errudun edo garailerik bilatzen, lortutakoa nabarmendu nahi dut. 

Pasarte gogorrak daude liburuan, besteak beste, zure ikaskideei bidaltzen diezun mezu bat.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan jasandakoak oso sartuta dauzkat buruan, baina gaur egun beste modu batera ikusten ditut. Mezu positiboa bidali nahi diet, nirekin egindakoa beste haurrek jasan ez dezaten.

Erakundeei ere mezu bat bidali diezu, informaziorako tresnak jar ditzaten eskatzeko.

Bai, batez ere prebentzio lanerako. Elikadura Jokabide Nahasteak ez dira "umeen arazotxoak", eta Lehen Hezkuntzan prebentzio lanak egitea oso garrantzitsua da. Saltzen digutena baino gaixotasun konplexuagoa dela ulertu behar dute herritarrek, eta horretan eragile guztiek parte hartu behar dutela.

Norentzat idatzi duzu liburua?

Denentzat. Irakurleari gomendatzen diodan baliabide bat da; gaixotasun honi buruz ez dakienarentzat hiztegitxo bat. Jendeak asko sufritzen du gaixotasun honekin, baina lorpenak ere badaude eta horiek azpimarratu behar dira; uste dut horiek lagungarri izan daitezkeela. Baina ez da gaixotasun liburu bat bakarrik, esperientzia bidai bat da. Bidai gida bat ere izan daiteke; turismoa ikasi nuen nik, eta liburu hau praktikan jartzeko modua izan da. Frantzia, Suedia, Belgika edota Ingalaterratik bidaiatxo bat egiteko hainbat apunte jasotzen ditut.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide