Ramiro Gonzalez izendatu dute Arabako diputatu nagusi

Erredakzioa 2019ko uzt. 4a, 18:00

Ramiro Gonzalez gaurko saioan. BBNN

Hazkunde ekonomikoa, politika sozialak eta lurralde bizia lortzea izango dira legegintzaldiko ardatz nagusiak.

Sorpresarik ez da egon gaurko inbestidura saioan. EAJ eta EH Bildu batzarkide taldeek Arabako ahaldun nagusia izateko hautagai bana aurkeztu zuten, eta EAJren zein PSEren batzarkideen botoei esker, aurrera atera da Ramiro Gonzalez jelkidearen hautagaitza. 

Diputatu nagusi berriak Batzar Nagusietan laburbildu ditu hurrengo lau urteetarako lehentasunak zeintzuk izango diren Diputazioan. "Hiru izango dira gobernuaren ardatz nagusiak: enplegua eta hazkunde ekonomikoa, politika sozialak eta zahartzaroari arreta hobetzea, eta lurralde bizia lortzea herri aktiboak eta dinamikoak sustatuz". Halaber, foru gobernuaren politika guztietan "berrikuntza" zeharkako gai bat izango dela adierazi du, "politika industrialetan, gizarte arloko ekimenetan edo lurraldearekin zerikusia duten politiketan".

Hurrengo lau urteetan martxan jarriko diren ekimenen artean, industriaren alorrean, 4.0 teknologiak garatzeko zentro bat sortuko dutela hitz eman du Gonzalezek. Halaber, menpekotasunak eta desgaitasunak artatzeko berrikuntza zentro bat sortuko dutela esan du, eta itundutako plaza gehiago sortuko dituztela zaharrentzat. Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko egiturak ere indartuko dituztela esan du, "eta egonaldi erdiko erresidentzia berria martxan jarriko da”.

Fiskalitatearen inguruan azpimarratu du lehenbiziko neurria izango dela EH Bilduk, PPk eta Orain Arabak urtarrilean onartu zuten arau fiskala bertan behera uztea, haren esanetan, "30.000 pentsionista kaltetzen dituelako". Azpiegiturei dagokionez, Gasteizko Senda pasealekuko auditorio berriaren eraikuntza, Mendizorrotza handitzeko lanak eta Principal antzokiaren berrikuntza lagunduko dituztela.

"Bestelako gehiengoak"

Hemendik aurrera, Batzar Nagusietako oposizioko burua izango den Kike Fernandez de Pinedok datozen lau urteotan "politika aurrerakoiak" bultzatzeko konpromisoa hartu du. Nabarmendu duenez, EAJren eta PSEren arteko akordio orokor bat egon arren, bestelako gehiengoak osatu daitezke eratu berri diren Batzar Nagusietan. “EH Bilduk gehiengo horiek bilatuko ditu beti ere arabarron bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Gure lehentasunen artean, lurralde oreka, gure herrien defentsa eta ingurumenaren babesa daude, hau da, Araba justu, aurrerakoia eta solidario baten oinarriak jartzea”, zehaztu du Fernandez de Pinedok.

Elkarrekin-Araba taldeko bozeramaile Arantza Abeziak neurriak eskatu ditu Arabako herrietan despopulatzea gelditzeko, eta lan munduko prekarietateari aurre egiteko neurriak ere galdegin ditu: "Ekainean EAEn sinatu ziren kontratuen %92 behin behinekoak dira. Langabeziak behera egiten du langileen bizi kalitatearen lepora". 

PPko Iñaki Oiarzabalek salatu du Eusko Jaurlaritzak "Araba ahaztu duela", eta alternatiba "konstituzionalista" osatzeko deia egin du. 

Langileen protestak

Inbestiduraren goizeko saioarekin batera, LAB, CCOO eta ESK sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egiteko asmoa zuten gizarte zerbitzuen pribatizazioa salatzeko. Halere, Ertzaintzak elkarretaratzea debekatu du, eta azkenean prentsaurrekoa egitea erabaki dute langileek. "Azken lau urteetan gizarte zerbitzuen kalitatean egondako atzerakaden ostean, politikaren norabidea aldatzea eskatzea zen helburua eta hori gertatu ezean, aurrean izango gaituztela gogorarazteko".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago