Harresian Zulo eta Eskean Kristoren kontzertuak, asteburuko jai giroan sartzeko

Esti Lanao 2019ko uzt. 5a, 09:43
Eskean Kristo arituko da Falerina tabernan, Kortxeak & Krispetak zikloaren barruan.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua ikuskizuna izango da Laudion; Guardian, Harpetarra haurrentzako filma proiektatuko dute.

Adurtzak hartuko du asteburuan Gasteizko auzoetako jaien lekukoa. Gaur bertan emango diote hasiera jaiei, Adurtziñeren jaitsierarekin, eta Tinko, Penadas por la Ley eta Aiaraldeko Soinu Sistema taldeak arduratuko dira gauetik egunsentira bitartean auzoa girotzeaz. Larunbatean, berriz, Gazte Eguna izango da; Ttek Elektrotxarangak eguerdia girotuko du, eta, besteak beste, haurrentzako jolasak eta pintxo txapelketa izango dira. Gauean, berriz, Desorden, Harresian Zulo eta DJ Droga Purpura arituko dira kontzertuan.

Haurrentzako jarduerek ere badute lekua asteburu honetan. Gaur bertan, esaterako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Musua ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Laudioko Aldai plazan, 18:00etan. Guardian, bestetik, Harpetarra filma proiektatuko dute San Juan plazan, 22:00etan, ZineAraba 2019ko egitarauaren barruan.

Bestetik, herrietako jaiak nabariak dira ere asteburu honetan, eta hainbat ekintza izango dira. Besteak beste, Aramaion, San Martin jaietan murgilduta daude; txosnetan, Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira oholtza gainean gaur bertan, 00:00etan. Larunbatean, berriz, dantza plaza izango da Ertzak taldearen eskutik.

Gasteizera bueltan, musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloari itxiera emango diote Falerina tabernan, 21:30ean, Eskean Kristo taldearen kontzertuarekin.

Sartu eta kuxkuxeatu Euskararen Agenda atalean ekintza gehiagoren berri izateko! Asteburu on!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide