Ardoan iruzurra atzemateko modua garatu dute

Juanma Gallego 2019ko uzt. 3a, 14:28
Cristina Olabarrieta ikasleak garatu du teknika berria. / NURIA GONZALEZ - EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle batek ardo ondua eta ardo gaztea bereizteko sistema bat garatu du, botila ireki behar izan gabe. Botilan dauden gasen analisian oinarritu dute metodologia berria.

EHUko SGIker Analisirako Arabako Zerbitzu Zentralak ardo botilaren kortxoa kendu behar izan gabe ardoaren lurrunak analizatzeko laginketa sistema bat garatu du. Modu horretan, balio handiko ardoetan iruzurrak atzemateko bidea zabaldu dute, botila bera ireki gabe, eta, hortaz, produktua alferrik hondatu behar izan gabe.

Laginketa sistema xiringa berezi batean oinarritzen da: horren bitartez, ardoaren eta kortxoaren artean geratzen den tartetik gasa erauzteko modua dago, kortxoa hondatu gabe. Behin erauzketa eginda, kortxoa zigilatzeko aukera ere badagoela adierazi du EHUk, ohar batean. Lagina atera ostean, Gasen Kromatografia-Masen Espektrometria (GC-MS) izeneko teknika erabili dute, lurrun horien osaketa ezagutu aldera.

Prozesu hau Cristina Olabarrieta ikasleak garatu du, EHUko Analisi Forentseko Masterrean landutako tesina baten barruan. Haren asmoa da iruzurrak atzeman ahal izatea, eta horretarako ardo mota bakoitzaren ezaugarritze bat garatzen ari da.

Arras konplexua da ardoa, kimikaren ikuspuntutik: bertan 1.000 osagai  lurrunkor baino gehiago identifikatu dira. Olabarrietaren asmoa da ezaugarri horietako batzuk identifikatzea, ardo mota bakoitzaren markatzaile gisa, eta modu horretan ardo desberdinak bereizi ahal izatea, gasen laginketa hutsarekin.

EHUk azaldu duenez, botilari kortxoa kentzen ez zaion bitartean, oreka kimiko bat eratzen da kortxoaren eta ardoaren arteko tarte horretan, eta bertan dauden konposatu lurrunkorren analisian oinarrituta, ardoari buruzko informazioa eskura daiteke:  mahats mota, uzta, ekoizpen modua eta ardoaren jatorri izena aipatu dituzte.

Ikerketa honen oinarriak jartzeko 22 ardo aukeratu dituzte: 11 ardo ondu eta 11 ardo gazte, eta bakoitzeko hiru analisi egin dituzte.  Horrela, ardo bakoitzeko konposatu bereizgarriak identifikatzeko gai izan dira.

Orotara, 20 konposatu identifikatu dituzte, hala nola esterrak, zetonak, azidoak eta goi mailako alkoholak. Horietako asko ardo onduetan zein gazteetan berdinak direla ikusi dute, baina egiaztatu dute ontze prozesuaren arabera ere aldatzen direla.

Hortaz, ardo mota bakoitzaren adierazle modura erabil daitezkeen konposatuak bilatzeari ekin diote, eta aurkitu dituztela azaldu dute. Ardo gazteen kasuan, 3-Hidroxi-2-Butanona eta Butirolaktona dira adierazle horiek. Ardo onduen kasuan, berriz, beste adierazle argi bat aurkitu dute: Dietil Succinatoa izenekoa.  
Emaitzak "aukera zabal baterako ateak" irekitzen dituela nabarmendu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide