Gazte sahararren ametsak, iruditan

Erredakzioa 2019ko uzt. 2a, 14:09
Besteak beste, giza eskubideetan formazioa hartzen ari dira gazte sahararrak. / NURIA GONZALEZ

Tindufeko iheslari-esparruetako lau ikastetxetan jasotako argazkiak bildu ditu Nuria Gonzalez fotokazetari gasteiztarrak erakusketa batean.

Mundubat Fundazioaren eskutik, eta uztailaren 28ra arte, Zutik hauts eta hondar artean izeneko erakusketa martxan jarri dute Vital Fundazioa Erakusketa Zentroan. Bilduma horretan Nuria Gonzalez fotokazetari gasteiztarrak 2017 eta 2019 bitartean Tindufeko (Aljeria) iheslari-esparruetan jasotako irudiak daude ikusgai.

"Bere ametsak egia bilakatzeko borrokatzen ari den gazteria sahararraren esperientzia" dokumentatu nahi izan du Gonzalezek, Vital Fundazioak zabaldutako ohar baten arabera. Irudi horien bitartez hamabost gazteren istorioa kontatu du argazkilariak. "Euren ikasketa formalak egiten ari diren bitartean, giza eskubideetan formazioa hartzen ari dira", haien eskubideak "defendatu eta aldarrikatu" ahal izateko. Horretarako, gazteak hainbat formazio prozesu jasotzen ari dira, tartean "giza eskubideak eta bakearen kultura, pedagogia giza eskubidetan eta komunikabideetan espezializatutako prestakuntza".

Nuria Gonzalez kazetariak Londresen ikasi zuen argazkilaritza, eta hamar urtez El Correo eta El Mundo egunkarietarako lan egin zuen. 2013tik freelance gisa dihardu.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzaz egin dute proiektua, "sahararren errealitatea euskal herritarrei hurbiltzen eta hedatzen" laguntzeko asmoz. Erakusketarekin batera, Mundubat Fundazioak plataforma interaktiboa sortu du, www.saharaconderechos.org webgunearen bitartez. Giza eskubideen urraketen testigantzak bildu dituzte bertan, gazte sahararrek beraiek kontatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide