Osakidetzaren arreta urria salatu dute Arabako hainbat udalerritan

Erredakzioa 2019ko eka. 27a, 12:51

Bastidako osasun etxera bideratu dituzte bizilagunak. IREKIA

Zanbranan, Berantevillan eta Urizaharran mediku bakarra izango dute udan. Bastidan udako errefortzua kendu dute.

Herrietan uda partean osasun arretan dauden murrizketak salatu dituzte Zanbranako, Berantevillako eta Urizaharreko alkateek. Izan ere, mediku bakarra izango da hiru udalerrientzat, eta behar izanez gero herri horietako gaixoak Bastidara edo Ribabellosara joateko proposatu die Osakidetzak. 

Ildo beretik, aste honetan bertan salatu du ELA sindikatuak Bastidako mediku titularra laguntzeko hartzen duten errefortzua kontratatzeko asmorik ez duela Osakidetzak: "Azpimarratzekoa da uztaila eta iraila bitartean Bastidako herria 1.500 biztanletik 10.000 biztanletara pasatzen dela. Beraz, 10.000 pertsona artatzeko mediku bakarra egongo litzateke".

Bi mediku ordezkorik gabe

Zanbranak, Berantevillak eta Urizaharrak, Ribabellosarekin batera, osasun esparru bakarra osatzen dute eta lau mediku dituzte, udalerri bakoitzean bat. Herritarrak astean bost egunez artatzen dituzte, 08:00etatik 15:00ak arte; erizain batek laguntzen du mediku bakoitza, astean birritan edo hirutan. Ribabellosak, berriz, mediku finkoa du eta oporrak edo bajak hartzen baldin baditu ordezko bat kontratatzen du Osakidetzak; gainerako hiru herrietan, ordea, medikuek oporrak hartzen dituztenean geratzen direnen artean antolatu behar dira kontsultak.

Alkateek azaldu dutenez, uda honetan, bi medikuk epe berean hartuko dituzte oporrak, eta horrenbestez, mediku bakarra izango da Berantevilla, Urizaharra eta Zanbranako gaixoak artatzeko. Osakidetzatik eman dieten soluzio bakarra da Bastidara joatea edo bestela Ribabellosara. 

Bastidan ere murrizketa

Halere, Zanbrana, Berantevilla eta Urizaharretik Bastidara joaten diren gaixoek arazo handiak aurkituko dituzte behar bezalako osasun arreta jasotzeko. Izan ere, ELA sindikatuak salatu duenez, Osakidetzako Arabako Errioxako arduradunek "ez dute asmorik azken hamar urtean, uda garaian, Bastidako mediku titularra laguntzeko egin den kontratazioa egiteko". Kontuan izan behar da uztaila eta iraila bitartean Bastidako herria 1.500 biztanletik 10.000 biztanlera pasatzen dela, eta gainera, Añanako Kuadrillako eta Urizaharreko biztanleak Bastidara bideratuko dituztela.

Orain arte, arratsaldeko errefortzua programatutako hitzorduak bukatu eta arratsaldean sortutako larrialdiez arduratzen zen. ELArentzat hartutako erabakia "onartezina" da, eta Osakidetzari eskatu dio Bastida eta bere osasun-esparruaren menpe dauden herritar eta udatiar guztiak artatzeko neurriak hartu ditzala. "Tamalez ez da lehen aldia Osakidetza landa eremuko osasungintza diskriminatzen saiatzen dena. Orain dela hamaika urte, ELAk langileekin, erabiltzaileekin eta garaiko udal gobernuarekin batera antzeko erabaki bat atzera botatzea lortu zuen", gogoratu dute.

Horrez gain, sindikatuak salatu duenez, Oion eta Guardia buru dituen osasun-esparruan bi mediku soilik izango dira, eta behar guztiak asetzeko, hurrenez hurren 16, 30 eta 73 egun jarraian lan egitea proposatu diete. "Inolako jai egunik hartu gabe eta ohiko lanaldiari zaintzak gehituz, bi hilabete baino gehiago jarraian lan egin beharko du mediku batek", azpimarratu du ELAk.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago