Maria de Mendoza lehen lerrora

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko eka. 27a, 06:00
Martiodako dorrean bizi izan zen Maria de Mendoza. ALEA

Erdi Aroko gizarte arauak hautsi zituen Maria de Mendoza andreari buruzko liburua kaleratu du Euskal Herriko Unibertsitateak; Martiodako dorrea izan zen Mendozaren eta haren ondorengoen bizilekuetako bat.

"Andre handi bat gizon boteretsuen artean". Izenburu horrekin aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitateak Maria de Mendozari buruz argitaratu berri duen liburua. Horretan, XIV. eta XV. mendeen artean, itzal handiko andereak gidatu zuen leinuaren historia bildu dute hainbat ikerlarik.

Por merced e mandado de mi sennora. El señorío de María de Mendoza a fines de la Edad Media. Nuevos textos para el estudio de la sociedad alavesa (1332-1511) titulua du obrak, eta Letren Fakultateko ibilbide luzeko ikerketa talde batek idatzi du. Horien artean daude Agurtzane Paz Moro, Ismael Garcia Gomez, Jon Andoni Fernandez de Larrea Rojas, Jose Angel Lema Pueyo, Arsenio Dacosta Martinez, Mario Garcia Zuñiga, Jose Antonio Munita Loinaz eta Jose Ramon Diaz de Durana Ortiz de Urbina.

Emakume boteretsua

Ikertzaileek jaso dutenez, Maria de Mendoza 1342. urtean sortutako jurisdikzio jaurgo txiki baina zahar bateko lehen alaba eta oinordekoa izan zen, eta Martiodako dorreko eta Otoko herrixketako jaurgoko burua, 1404 eta 1472 urteen artean. Nerabezaro hasieran umezurtz gelditu zen, eta Arabako lurraldetako eta Gaztelako gorteko hainbat leinu indartsuren ahaide zen –Hurtado de Mendoza, Mendoza, Aiala eta Sarmiento leinuak–. 

Hortaz, garaiko gizon boteretsuen artean egotea egokitu zitzaion. Hala, "emakume basatiak" garaiko arau sozialak hautsi zituen –bere seme bakarra ezkontzatik kanpo izan zuen–, eta familiaren eta emakume, ama eta andre bezala zituen interesen alde borrokatu zen. 

Ikerketa lanean, Mendozaren lurren eraketa, kudeaketa eta garapena ere aztertu ahal izan dituzte: "Izan ere, jaurgoko kontabilitatea ezin hobeto kontserbatu da". Halaber, Martiodako dorrea leinuaren oinetxea eta Maria de Mendozaren eta haren ondorengoen bizilekuetako bat zen, eta hura ere aztertzen da, ikuspuntu arkeologikotik. Jurisdikzio hartan jazotako protesta, erresistentzia, indarkeria eta negoziazio moduak ere liburuaren edukien artean jaso dituzte. 

Harremanak ikertu

Lanaren helburua izan da Erdi Aroaren amaieran Otoko herrixketako auzotarrak beren artean, eta baita Maria de Mendozaren oinordekoekin zituzten harreman sozial, ekonomiko eta politiko tirabiratsuak aztertzea. Horregatik hain zuzen, Martioda, Otobarren eta Otogoien herrixketako biztanleak ere badira liburuko protagonistak: plebeioak eta kapareak. Horiek lurra lantzen zuten, basoko eta mendiko baliabideak erabiltzen zituzten, salgaiak garraiatzen zituzten Gasteizera eta Gasteiztik, eta errentak beren jauntxoei ordaintzen zizkieten.

Liburuaren bigarren zatia lan horretarako bildu eta kontsultatu diren dokumentuen edizio zaindu bat da. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide