Aurrerantzean, pieza gehiago izango ditu Arabako Natura Zientzien Museoak. Izan ere, mineral bilduma bat eta hari buruzko argazkiak jaso ditu Jose Manuel Sanchis valentziarraren eskutik. Mineral bilduma sistematikoa da eta mundu osoko aleak ditu. 1964an hasi zen Sanchis hura osatzen eta gaur egunera arte aritu da horretan.
Jadanik desagertuak diren Espainiako zenbait meatoki historikotako piezak ere badira bilduman. Dohaintzari esker, Arabako Natura Zientzien Museoak lurraldeko askoz ale gehiago izango ditu hemendik aurrera. Argazki artxiboari dagokionez, emailearen ogibidea dela eta, oso kalitate onekoa da: Sanchisek Iberiar penintsulako meatoki eta mineral gehienen argazkiak egin ditu, eta baita Espainiako bilduma publiko eta pribatu gehienenak ere.
Museoak entomologia bilduma bikaina ere jaso du Sigfrido Serrano Valerorengandik. Eta horri esker, museoaren arlo horretako bilduma nabarmen handituko da. Alderdi kuantitatiboari erreparatuta, % 14 haziko da lepidoptero kopurua, eta alderdi kualitatiboari dagokionez, askoz leku gehiagotako aleak izango dira hemendik aurrera museoan.