Egunak dagoeneko luzatzen hasi dira, eta udari ongietorria emateko garaia heldu da. Arabako txoko askotan ekintza ugari prest dituzte.
Auzoetako jaiak aurrera doaz Gasteizen, eta asteburu honetan Judimendi eta Arriaga izango dira nagusi. Gaur bertan, Judstock jaialdia izango da Sumendi espazioan eta Sefarad plazaren artean banatuta, 18:00etatik aurrera. Besteak beste, Zoe, Trikina eta Zuretzako Mezua taldeen kontzertuek girotuko dute arratsaldetik gauerako tartea. Larunbatean, beste talde batzuen artean, McOnak eta Kaleko Urdangak taldeak arituko dira taula gainean auzoko gazte egunean. Ekainaren 23an, San Joan gauan, Tximeleta taldea izango da auzoa girotzeko arduraduna. Bost Urki Arriaga auzo elkarteak, ordea, jai alternatiboak antolatu ditu larunbaterako. 11:30etik aurrera, umeen txokoa, txistu poteoa, auzo bazkaria, bertso saioa eta kontzertuak izango dira egunean zehar.
Zuian Euskaraz egitarauak ere hainbat hitzordu ditu asteburuan. Kirola euskaraz ginkana izango da gaur, 17:30ean, Zuiako Palatu kiroldegian. Larunbatean, Musika Eskolaren ekitaldia izango da (21:00), eta igandean, Dantza Plaza antolatu dute Bea Murgia plazan (21:30).
GEUrekin mendira taldeak azken mendi-irteera du aste-bukaera honetan. Igandean agur esango diote 2018/2019 ikasturteko txangoen egitarauari, Pasaia-Donostia Uliatik izango den irteeraren bidez. Ohi bezala, Mendizorrotzako aparkalekutik abiatuko dira (Beti Jai frontoien aurrean), 8:30ean.
Sartu Euskararen Agenda atalean eta izan ekintza gehiagoren berri. Suak piztera doaz!