Zergatik ez urteko 365 egunetan?

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeok Gerraren Aurka, Gasteizkoak, Congreso de los Pueblos Colombia-Pais Vasco eta Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba 2019ko eka. 20a, 10:13

"70 milioitik gora dira munduan, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, bizi ahal izateko beste lurralde batera alde egin behar izan duten pertsonak".

Gaur, ekainak 20, errefuxiatuen eguna dugu, baina urteko 365 egunetako bakoitzak izan beharko luke migratzaileen edo aterpe bila dabiltzanen eskubideen aldeko nazioarteko eguna.

Gizateria gizateria denetik eta hainbat arrazoirengatik, gizakiok gure ingurutik irten beharra izan dugu bizitzen jarraitzeko beste lekuren baten bila. Inperialismoek (egipziarrak, erromatarrak, espainiarrak...) beti erabili izan dute indarkeria euren nagusigoa inposatzeko eta, hala, herrialde kolonizatuei lapurtzeko eta haien lehengaiez, lurrez eta are biztanleen berez jabetzeko. Politika kolonial horrek beti behartu izan du jende asko beren herrietatik alde egitera aterpe bila.

Drama hori mila bider handiagoa bilakatu da sistema kapitalista neoliberala abiaraztearekin eta globalizazioa delakoarekin. Iparralde globaleko trasnazional handiek eta beren gobernuek markatzen dituzte mundu mailako joko-arauak. Haiek egiten dute plangintza osoa: non piztu gerra, non lehengaien espoliazioa, non bota sortutako hondakinak, nola kudeatu behar ditugun egoera horietatik ihesi dabiltzanen destinuak... Eta hala sortu dute termino berri lotsagarri hori: nekropolitika, hau da, kontsumitzerik eta ekoizterik ez dutenak desagerraraztea. Dena dago planifikatuta.

Gaur egun, nazioarteko estamentuek bereizi egin nahi dituzte migratzaileak eta aterpe bila dabiltzan pertsonak, eta gu ez gaude horrekin ados. Zertan bereizten dira klima-aldaketaren ondorioz bere lurraldea uzten duena, multinazional baten espoliazioagatik kanporatzen dutena eta diktadura baten edo gerra baten indakeria dela- eta kanporatzen dutena? Jaioterritik alde egitera bultzatzen dituztenak egitura ekonomiko eta politiko ustel baten interesak dira, hori da arazoa.

Gaur egun, 70 milioitik gora dira munduan, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, bizi ahal izateko beste lurralde batera alde egin behar izan duten pertsonak. CEAR-en datuen arabera, pertsona horietako %1 besterik ez da iristen Europara. Hala ere, kontinente honetako biztanleok oso memoria historiko eskasa daukagu: milaka pertsona atera ziren Estatu espainiarretik aterpe bila gerra zibilean eta milaka eta milaka pertsona irten ziren, era berean, Europa osotik aterpe bila, 1940 eta 1945 artean, bigarren gerra handiaren ondorioz.

Orain, onartu egiten dugu gure gobernuek dirutzak ordaintzea Turkia, Libia edo Marokkori "paradisu" europarrera irisi nahi duten pertsonei hesia jartzeko. Eta herrialde horiek ez dute batere bermerik ematen iragaitzazko pertsonei ematen zaien tratuari dagokionez. Onenean ere kontzentrazio-esparruetan edukitzen dituzte, edo bestela desertuan abandonatzen eta, kasurik okerrenean, esklabu gisa saltzen dituzte edo itsas zabalean hondorarazten dizkiete beren paterak (2018an 2.300 heriotza zenbatu ziren Mediterraneoan). Tratu anker eta laidogarriak, adin txikikoen organoen salerosketa, emakume eta nesken salerosketa sexu-esplotaziorako... hori guztia geratzen ari gara uzten eta gure zergen bidez ordaintzen.

Aterpe bila dabiltzan pertsonen arazoa ez da konpontzen mugak externalizatuz. Europa desiratura iristen direnean, arazo gehiagorekin egiten dute topo. Egundoko balentria bihurtu da asilo-eskubidea lortzea. CEAR-en datuen arabera, 2018an Estatu espainiarrean asiloa eskatu zuten 54.065 pertsonetatik (385ek Araban) % 24k baino ez zuten lortu babes moduren bat eta, gaur egun, 102.890 eskabide daude erabakiaren zain. Osasun laguntza unibertsalean sartzea, etxebizitza alokatzea edo lana aurkitzea ezinezkoa da ia.

Gainera, eguneroko bizitzan, zurrumurru arrazista faltsuei egin behar izaten diete aurre, gero eta gehiago entzuten direnak, aspalditik abiarazi baitzituen eskuin muturrak eta oso erraz bereganatzen baititu gizarteak. Modu bakarra dugu mezu arrazista horiek geldiarazteko: bizi ahal izateko leku baten bila gurera datozen pertsonak onartu eta denon arteako bizikidetza indartzeko konpromisoa hartu.

Horregatik salatzen dugu Europako gobernuek ez dituztela defendatzen pertsona hauen giza eta gizarte eskubideak eta inplikazio eskasa erakusten dutela gure inguruneko instituzioek petsona horiei gutxieneko bizi-baldintza batzuk ziurtatzeko.

Horregatik oihukatu nahi dugu, argi eta ozen, pertsona guztiek eskubide berak izan behar ditugula. Inor ez da ilegala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago