Dagoeneko osatu dituzte Arabako Batzar Nagusiak eta herrialdeko udalak. Foru erakundea izan zen legealdi berriari hasiera eman zion lehena, pasa den ostiralean. Ez zen ezustekorik izan eta aurreikusi bezala, EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta PP taldeetako kideekin osatu zen Batzar Nagusietako Mahaia. Datozen lau urteotan, Pedro Elosegi jeltzalea izango da berriro ere presidente, EAJren eta PSE-EEren botoei esker; presidenteordetza Josu Lopez Ubierna sozialistaren eskuetan geratu da, esandako bi alderdien arteko akordioa dela eta.
Mahaiko bigarren presidenteordetza EH Bilduko Nerea Martinez Cerrillori egokitu zaio 16 botorekin: EH Bilduko 12 eta Ahal Duguko 4. Idazkaritzen kasuan, PSE-EEk lortu du lehenengoa eta PPko Marta Alañak bigarrena bere alderdiaren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Ostiraleko saioan, bi alderdi horien jarrera salatu zuen Ahal Duguko eledun Arantza Abeziak, Mahaitik kanpo utzi dituztelako.
Batzar Nagusiak osatu ostean, batzarkideen bateraezintasunak aztertuko dituen batzarra deitu dute hilaren 25rako, eta horrenbestez, litekeena da Ramiro Gonzalez jelkideak ekaina amaitu baino lehen hartzea ostera ere ahaldun nagusi kargua.
Samaniegon, ezustekoa
Egun bat beranduago, ekainaren 15ean, osatu ziren herrialdeko 53 udalak. Sorpresa esanguratsuena Samaniegon eman zen, izan ere, PSE-EEko Eduardo Pascual zinegotziak hautsi egin zuen EAJrekin duen ituna eta EH Bilduko hautagaia babestu zuen bozkan; horri esker eskuratu du Pili Garmendiak bertako alkatetza.
Samaniego ez zen jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmena errespetatu ez zen udalerri bakarra, Iruña Okan ere abstenitu egin ziren-eta EAJko zinegotziak. Horrek, baina, ez zuen eraginik izan eta Javier Martinez sozialistak makilari eutsi egin dio agintaldi honetan ere.
Aipatutakoez gain, bestelako hainbat aipamen ere utzi zituen egunak; tartean, udal hauteskundeetan Bastidan eta Guardian PP alderdi bozkatuena izan bazen ere, EAJk lortu dituela bi udalerrietako alkatetzak, EH Bilduren aldeko botoei esker. Kuartangon, berriz, PPk izan zuen giltza; maiatzaren 26an, boto kopuru berdina lortu zuten EH Bilduk eta EAJk, eta hautagai jeltzaleak zinegotzi popularraren babesa izan zuen.
Zigoitian, bestalde, eskuz aldatuko da Udala; sozialisten eta jeltzaleen akordioari esker, Udala EAJko hautagai Javier Gorbeñak hartu duelako makila, aurreko agintaldian alkatetza izan zuen alderdi abertzalearen kaltetan.
Trebiñuko barrendegian ere aldaketak daude. Argantzonen EH Bilduk eskuratu du alkatetza, Pablo Ortiz de Latierro buru; Trebiñun, udal hauteskundetan hirugarren indarra izan bazen ere, EAJko Kike Barbadillok lortu du agintea, independente eta EH Bilduri esker.
Gasteizen, Urtaran bigarrenez
Gasteizen, beste alde batetik, Gorka Urtaran izendatu dute alkate, bigarrenez. Urtaranek EAJko 7 zinegotzien eta PSE-EEko 6 ordezkarien babesa jaso du, baina ez zuen gehiengorik lortu. Bi alderdiek banatu dituzte dagoeneko ardurak. EAJ arlo hauetaz arduratuko da: alkatetza, ogasuna, giza baliabideak, lurraldea eta klimaren aldeko ekintza, mugikortasuna eta espazio Publikoa, eta kirola eta osasuna. PSE-EE, berriz, beste hauetaz: ekonomia sustapena, enplegua, merkataritza eta turismoa, gizarte politikak, adinekoak eta haurrak, herritarren segurtasuna, udal administrazioa, herritarren partaidetza, gardentasuna eta gizarte etxeak, eta kultura eta hezkuntza.
Arabako mapa politiko berriari erreparatuta, EAJ da datozen lau urteotan udalerri gehien gidatuko dituena: 53tik 32 geratu dira jeltzaleen esku. EH Bilduk 11 gobernatuko ditu; talde independenteek 6; PPk bi; eta PSEk bakarra. Zinegotziei dagokionez, EAJk 191 ditu; EH Bilduk 117; independenteek 53; PPk 36; PSEk 28; eta Elkarrekin Podemosek 4. Denera, 429 zinegotzi.