Euskararen aldeko ekimenak ugariak dira gure herrian. Gasteizen bertan, hiru ekimen erraldoiren partaide izateko aukera izan dugu amaitzen ari den ikasturte honetan: Euskaraldia burutu genuen milaka euskaldunok iazko azaro abendu bitarte, Korrikaren amaiera gurean egokitu zitzaigun apirilean, eta orain Araban Euskaraz jaia dugu gure kaleetan barrena.
Errealitate ezberdinei erantzuten die ekimen hauetako bakoitzak, baina denak norabide komunean egiten dute ekarpena: Gasteiz, Araba eta Euskal Herri euskaldun bat dute helburu, eta, bide horretan, euskal komunitatearen babesa behar dute guztiek.
Ekimen hauek herri bizi baten adierazle dira, ehunka pertsona, elkarrekin, euskararen herria eraikitzen ari garen adierazle, hain zuzen ere. Ez da lan makala ehunka boluntariok egiten dutena, eta lan horren balioa nabarmentzea ezinbestekoa da. Hilabeteetako lana da halako ekimen bat aurrera eramatea, emaitzak ikusiko baditugu.
Euskaraldiari dagokionez, 2018ko amaieran ikusi genituen aurreko hilabeteetan ehunka kidek antolatutako auzolan erraldoiak eman zituen emaitzak, gure kaleak Ahobizi eta Belarriprest-ez bete ziren, eta euskaraz bizitzeko genituen zailtasunak —zailtasun batzuk gutxienez—, borondate irmoarekin gainditu daitezkeela erakutsi.
Herritarron borondate hutsa, ordea, ez da nahikoa. Aurrera urrats garrantzitsuak emateko baliogarria da, baina gure erakundeen, herri eragileen edota enpresen bultzadarik gabe, Euskaraldia hankamotz gelditzen zaigu.
Horri erantzutera dator 2019-2020 bitarte burutu nahi dugun Euskaraldiaren ekimen berria. Oraingoan, herritarren aktibazioaz eta ahalduntzeaz gain, entitateen babesa eta aurrera urratsak biderkatzeko hautua egina dugu.
Euskaraldia ekimena 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra burutuko bada ere, aurrelanak luze joango dira, eta ordurako prest egoteko lan zabal, sakon, bezain inportante eta zirraragarria dugu aurretik. Horretarako, orain arte bezala, euskaldun antolatuen beharra dugu. Lehenengo hitzordua aste honetan bertan dugu: ekainaren 19an, asteazkenarekin, Oihaneder Euskararen Etxean elkartuko gara, auzoz auzo eta herriz herri Euskaraldiaren ariketa berri honi aurre egiteko. Gonbidatuta zaude!