EAJ, PSE, EH Bildu eta PP izango dira Batzar Nagusietako Mahaian

Erredakzioa 2019ko eka. 14a, 16:40

Batzar Nagusietako Mahaia aukeratu dute gaurko saioan. BBNN

Arabako Batzar Nagusietako XI. legealdia hasi da gaur; bost batzarkidek osatuko dute Mahai berria eta Pedro Elosegi jelkidea izango da beste behin lehendakaria.

Arabako Batzar Nagusietako Mahaiaren osaketan ez da ezustekorik gertatu. Gaur goizeko saioan hiru bozketa izan dira, Mahaiko lehendakaritza, bi lehendakaritza ordeak eta bi idazkaritzak aukeratzeko hain zuzen. Lehendakaritza berriro ere EAJko Pedro Elosegik okupatuko du, EAJren eta PSEren botoei esker. 

Bigarren bozketaren ondoren, Mahaiko lehen lehendakaritza PSEko Josu Lopez Ubiernaren eskuetan geratu da, bere alderdiaren eta jelkideen botoei esker; eta Mahaiko bigarren lehendakaritza EH Bilduko Nerea Martinez Cerrillori egokitu zaio 16 botorekin, EH Bilduko hamabi eta Ahal Duguko lau. Idazkaritzen kasuan, PSEk lortu du lehenengoa eta PPko Marta Alañak bigarrena bere alderdiaren, EAJren eta PSEren botoei esker. Ahal Duguko eledun Arantza Abeziak EAJren eta PSEren jarrera salatu du Mahaitik kanpo utzi dituztelako, eta herrialdeko aniztasunari uko egitea leporatu die.

Batzarkideen bateraezintasunak aztertuko dituen batzarra hilaren 25ean izango da, eta horrenbestez litekeena da Ramiro Gonzalezek hilabetea amaitu baino lehen hartzea diputatu nagusiaren kargua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago