Araba Euskaraz 2019

Etapa berriari, jazz erritmoarekin

Anakoz Amenabar 2019ko eka. 15a, 08:00

Hogei kanta eta ipuin dituen lana aurkeztu du Antton Aranburuk. / A. Aranburu

Antton Aranburuk sortu du aurtengo ikastolen jairako kantaren hitza; bien bitartean, esku artean hirugarren lana du musikari gasteiztarrak, udazkenetik aurrera zuzenean aurkeztuko duena.

Ohiko musika doinuetatik aldenduta, jazz eta swing erritmoekin dator Araba Euskaraz. Steamboat Jazz Banden eskutik, Antton Aranburu musikariak jarri dio hitza. Egunero egiten du  Armentia ikastolarako bidea, alabarekin batera, eta halako batean otu zitzaion aurtengo ikastolen jairako ideia: "Bidai horietako batean ikastolan eskegita dagoen Gertu kartela ikusi eta hainbat ideia etorri zitzaizkidan burura; auzoa eta hiria koloreztatzen duen itsasargia...". Segituan idazten jarri eta laster izan zuen prest aurtengo jaia gidatuko duen abestia.  

Musika, ordea, Luko musikariak jarri dio. Beste estilo batzuk jorratzeko asmoarekin, harengana jo zuten antolatzaileek, Aranbururen hitzak dantzan jartzeko. "Jazzarekin ez dut hainbeste harreman, eta baneuzkan nire zalantzak proposamena egin zutenean, umeentzako kantagarria izango ote zen abestia; eta harrigarria izan da emaitza, umeek oso ondo hartu dute", azaldu du Aranburuk.

Araba Euskarazen abestirako tartea egin badu ere, Kaos#Kosmos hirugarren lanarekin buru-belarri izan da azken hilabeteetan, eta hori aurkezten ibiliko da udazkenetik aurrera. Bi diskotan banatu du lana; Zabal Dadila Kaosa! eta Sor Bedi Kosmosa!, hogei kantu eta abesti bakoitzaren osagarri gisa idatzi dituen hogei ipuinekin. Haren barnean sentitzen dituen "kaosa" eta "kosmosa" eraman ditu kanta berrietara, barne ezinegona agerian. "Bestalde, lasaitasunean, gauza txikietan topatzen ditudan erantzunak ere aurki daitezke letretan, nire kantetan ohikoak diren paisaia eta argazki desberdinekin".  

Udazkenean hasiko du Aranburuk Kaos#Kosmos lan berria aurkezteko kontzertu bira

"Artisau eran" egindako prozesua geldoa izan da, zatika, puzzle baten antzera osatu duena. Patxadaz gozatzeko lana, Aranburuk berak gomendatu moduan: "Hau ez da egungo garaietako pildora azkar bat; patxadaz eseri, ipuina irakurri eta kanta lasai entzutekoa baizik". Egungo joeren kontrako bidea "nahita" hartu duela esan du, merkatuen norabidearen kontra. "Suizidio komertzial bat da, ez dauka inolako zentzurik merkatuaren ikuspegitik, baina pozik nago. Ez dut itzulkin ekonomikorik bilatzen, ezta ospea ere; bizi-bulkada baten ondorioz egin dut, azken aldian aldaketa ugari izan ditut bizitzan eta hori islatu nahi nuen lanean".  

Lan berri honek ez du CD edo binilo itxurarik izango. Bisita txartel itxurako pendrive bat izango da euskarri bakarra, bi diskoak eta ipuinen bildumarekin. Interneteko plataforma ezberdinetan entzun daiteke lana, eta anttonaranburu.eus webgunearen bitartez ere debalde deskargatu daiteke. CD euskarrian edota ipuinak paperean ateratzeko aukera hasieratik baztertu du Aranburuk: "Nire ikasleen artean prospekzio txikiak egin ditut, eta inork ez du CD bat erosi azken bost urteetan; musika inoiz baino gehiago kontsumitzen da, baina ez euskarri horretan, CDa hilik dago, nostalgiko batzuk geratzen garen arren".

Hirugarren lana du esku artean Aranburuk, ibilbide luze baten ondorio. "Erabatekoa da aldaketa, musika zein letren aldetik; ikasketa prozesu baten moduan hartzen dut lana, eta, zalantzarik gabe, lan honetan badago eboluzio bat". Sei urte igaro dira bere azken diskoa argitaratu zuenetik, nahiz eta musika lan oparoa egin duen bidean. Besteak beste, errealitate areagotuko Kolore Anitzak ikuskizunaren sorreran parte hartu du eta musika eskolak ere ematen ditu.

Hurrengo hilabeteetan atseden hartu eta udazkenean hasiko da azkeneko lanaren aurkezpenarekin. Araian izango du lehengo emanaldia, irailaren 15ean. Maite Kareagarekin batera egingo ditu aurkezpenak, "kutsu literarioa" izango duten kontzertuekin. "Formatu intimoan egingo ditugu aurkezpenak, gitarra eta ahotsa bakarrik, espazio txikietan". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago