Energia biltegiratzeko ahalmen handia, bizitza luzea eta tamaina txikia. Eta, ahal bada, merkea. Hori guztia eskatzen diete kontsumitzaileek bateriei, eta erronka zail horren atzean dabiltza mundu osoko ikertzaileak. Materiaren mugetan lanean ari dira askotan, formula berriak lortzeko.
Horietako bat da bateriaren narriadura saihesteko aterabideak lortzea. Hori da, hain zuzen, CIC Energigunek landu duen ikerketa lerro bat, eta hilabete honetan aurrerapauso bat iragarri dute. ICMC Bordeleko Materia Kondentsatuaren Kimika Institutuarekin eta Tokioko Unibertsitatearekin elkarlanean, Marine Reynaud eta Montse Casas-Cabanas ikertzaileek material "auto-ordenagarriaren" bitartez baterien degradazioa murrizteko bide bat aurkeztu dute Nature Communications aldizkarian.
Atsuo Yamada ikerlari japoniarra buru izan duen ikerketan proposatu dute metodo berria: bateria kargatzen den bitartean bere kabuz ordenatzen den materiala, hain zuzen. Litiozko edo sodiozko baterietan teknika hori ezarriz gero, ahalmena handitzeko eta degradazioa murrizteko aukera egongo dela proposatu dute zientzialariek.
CIC Energigunearen ekarpena softwarean alorrean izan da, X izpien difrakzioaren azterketarako diseinatutako programa baten bitartez. "Baterietarako materialen egiturazko eta mikroegiturazko karakterizazioan dugun ezagupenaren eta esperientziaren ondorioz" sortu da lankidetza, Montse Casas-Cabanasek adierazitakoaren arabera.
LEGO jokoarekin alderatu du prozesua: bata bestearen gainean pilatutako geruzetan antolatzen dira atomoak, baina egitura desordenatu batean. FAULTS izeneko softwareari esker, mekanismo hori behatzeko eta ulertzeko aukera izan dute zientzialariek. Egituraren auto-ordenazioa lortzeaz gain, bateriaren deskarga gertatzen denean jatorrizko egitura desordenatura bueltatzen da. Estrategia honi esker, etorkizunean elektrodoak hobetzea espero dute.