Jare dantza taldeak eta Manuel Iradier txangolari elkartearen dantza taldeak elkarlanean antolatutako IV. Umeen Euskal Jaia hartuko du bihar Gasteizek. Denera, Euskal Herriko 12 dantzal taldek parte hartuko dute egun osoko egitarauan.
Goizean, 10:30ean, hasiko dira dantza taldeak Plaza Berrira heltzen. Hamarretakoaren ostean, dantza saioak eskainiko dituzte Amarika, Arka, Santa Barbara, Foru, Katedral berriaren eta Diputazio enparantzetan; eta horiek amaitzean, 13:00etan, dantzari guztien alardea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan. Jarraian, Landatxora igoko dira kalejiran, eta bertan bazkalduko dute.
Arratsaldean, 17:00etan, kalejira egingo dute berriro Alde Zaharretik eta erdigunetik; eta ordu erdi beranduago, alardea hasiko da Foru plazan. Taldeen agurrarekin amaituko da eguna.
Ezpata-dantzari saria
Umeen Euskal Jaiaren bueltan, bestalde, sari bat sortu dute aurten antolatzaileek; Arabako kultura, dantza edo musikaren alde lan egin dutenei zuzenduta dago Ezpata-dantzari saria. Lehenengoa Jose Maria Lopez de Elorriaga Coppy-rentzat izango da. Olarizu eta Oldarki dantza taldeetako dantzaria eta Gaztetxu dantza taldeko (Manuel iradier txangolari elkarteko dantza taldea) sortzailea ere bada. 1970ko lehendabiziko Umeen euskal jaiko antzolatzailea izan zen, eta baita 1963. urteko Mairuelegorretako Euskal Jaiko antolatzailea ere. Horrez gain, Gasteizen egon zen lehendabiziko Gaitero banda sortu zuen eta alboka instrumentua berpiztu zuen. 1993an Urrezko Zeledoia izan zen eta Laguardian Gaiteroaren egunean Ohorezko Gaiteroa ere izendatu zuten.