Inoiz baino jasangarriagoa

Juanma Gallego 2019ko eka. 15a, 06:00

Ingurumenarekiko ardura berezia duten ikasleek haien burua 'ekoikasletzat' daukate. / ARMENTIA IKASTOLA

Araba Euskarazen ere ingurumena zaintzeko konpromisoa hartu dute antolatzaileek, eta horretarako hainbat neurri zehatz martxan jarri dituzte. Kontsumoa, hondakinen kudeaketa eta hezkuntza hartu dituzte ardatz.

Jasangarria, garbia eta ingurumenarekin arduratsua. Halakoa nahi dute aurtengo Araba Euskaraz eguna, eta horretarako lanean egon da ikastolako Ingurumen Batzordea azken hilabeteotan. Horrelako egun batek ingurumen-inpaktu handia duela kontuan hartuta, eragin kaltegarri hori ahalik eta gehien gutxitu nahi izan dute. "Egun horretan jende asko hurbiltzen da, eta agerikoa da CO2 asko isurtzen dela, ibilgailu ugari biltzen direlako", azaldu du batzordeko kide Usua Santxok. Ez da pilaketek sortzen duten arazo bakarra. "Zabor asko sortzen da egun horretan, eta, askotan kontuan hartzen ez badugu ere, zarata ere sortzen da, eta hori ere kutsadura mota bat da".

Horri guztiari aurrea hartzeko lanean daude ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Ez da lehen aldia ikastolen jaian halako proposamen bat egiten dena, baina agerikoa da aurten jasangarritasunaren aldeko konpromisoak indar berezia izango duela. "Duela urte batzuk hasi ginen pentsatzen jasangarritasuna arlo guztietan landu behar genuela", nabarmendu du Santxok. Hori dela eta, ez dira ingurumen batzordera mugatu: antolakuntza lanetan ari diren beste batzorde guztiak filosofia berdinarekin "busti" nahi izan dituzte. "Ez genuen nahi jasangarritasuna gure batzordeko erokeria hutsa izatea", azaldu du. Horregatik, diskurtsoetara mugatu ez eta praktikari begira ekimen ugari martxan jarri dituzte Araba Euskaraz inoiz baino berdeagoa izan dadin. Adibide asko jarri ditu Santxok: "Festa bultzatzeko materiala lantzen duen taldekoekin aritu gara, plastikoa edo gehigarri asko duten materialak eros ez ditzaten".

Ur botila gutxiago

Aurrera joan den beste proposamena: txosnetan ur botilen kontsumoa mugatzea. "Botilatxoen salmenta sustatu beharrean, jendea ibilbidean dauden iturrietara bideratu nahi dugu". Kartelei eta paperezko bestelako materialei dagokienez, horien kopurua mugatu nahi izan dute ere; kartelak egiteko material zurrunagoa aukeratu dute, behin jaia bukatuta horiek gorde eta hurrengo jaietan berriro erabili ahal izateko. Norabide berdinean, web eta app bidezko formatuak bultzatu dituzte, papera beharrean. "Paperezko materialak ere prestatu ditugu, jakinda trantsizio prozesu batean ari garela, guztiok errotuta ditugun hainbat ohitura aldatu arte", ohartarazi du Santxok. Hezkuntza prozesuan ere eragin nahi izan dute: igandean bertan ingurumena lantzeko tailerra eskainiko diete haurrei, baina urtean zehar beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Horietako bat Gasteizen egindako zuhaitz landaketa izan da. "Isuritako karbono dioxidoa konpentsatzeaz gain, familien artean naturarekiko lotura indartu nahi izan dugu".

Festan zehar eta ondoren gaikako zabor bilketa egingo dute, eta horretarako, besteak beste, talde berezi baten laguntza izango dute: DBHko ekoikasleak, ingurumenarekiko ardura berezia duen ikasle taldea.

Dena dela, gakoetako bat kontsumo ereduak aldatzea izango dela nabarmendu du Santxok, eta horri begira hausnarketa bat jarri du mahai gainean. "Araba Euskaraz bezalako ekimenetan jendeak normalean materiala erosten du diru-ekarpena egiteko, baina kontsumoan oinarritako eredu hori aldatzen asmatu behar dugu, bestelako bideak jorratuz". Ez da erronka makala.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago