Olatz Salvadorrek girotuko du larunbateko 'Baserriko Uzta'

Erredakzioa 2019ko eka. 14a, 09:00
'Mende Berria Kantuz' kontzertua izango da gaur.

Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko, kontzertua eskainiko dute Principal Antzokian. Bestetik, Erdi Aroan murgilduko dira Aramaion, bisita gidatu baten bidez.

Ostirala bertan da, eta harekin batera hainbat hitzordu prest ditu Euskararen Agendak. Dantza plaza, dastaketak, kontzertuak... denetarik, asteburuaz behar bezala gozatzeko.

Kontzertu berezia prestatu dute Gasteizko Principal Antzokian Bilboko Koral Elkarteko Euskeria elkarteak eta Gasteizko Nurat Abesbatzak. Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko, guztiok ezagutzen ditugun euskal abestien bertsio koralak entzuteko aukera eskainiko dute Mende Berria Kantuz izeneko kontzertuan. Gaur bertan izango da, 20:30ean.

Iluntze Feminista izango da larunbatean Errekaleor auzoan. Hainbat ekintza antolatu dituzte, 11:00etatik hasita gauera bitartean; besteak beste, Irati Majuelo, Oihana Bartra eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan (15:00etan), eta Ines Osinaga kontzertuan ikusteko aukera ere izango da, 21:00etatik aurrera. Egun berean izango da Olatz Salvador kontzertuan, 12:00etan Anuntzetako Beltzitina baserrian, Baserriko Uzta ekimenaren bigarren edizioa girotuz.

Igandeari begira, Arabako ikastolen jaia, Araba Euskaraz, dugu ekitaldi nagusia. Armentia Ikastolaren txanda da aurten, eta urtero lez, egun pasa jai-giroan egin ahal izango du gerturatzen den orok. Ze Esatek edo Skabidean taldeak, besteak beste, arituko dira kontzertuan. Horrez gain, Erdi Arora bidaia egingo dute Aramaio ezagutuz bisita gidatuaren eskutik. 10:30etan hasita eta bi orduz, jauntxoei eta aspaldiko garaiei buruz hitz egingo dute.

Sartu Euskararen Agenda atalean eta kuxkuxeatu ekintza gehiago!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide