Araba Euskaraz 2019

Liher Larrea: "Bide berri bati ekiteko lehen pausoa izango da aurtengo jaia"

E. Lanao/ A. Amenabar 2019ko eka. 13a, 11:18

Liher Larrea Armentia ikastolako lehendakaria. /E. Lanao

Gasteiztarrengandik "gertuago" egoteko helburuarekin, etapa berri bat hasi nahi du Armentia ikastolak; proiektua egonkortuta, beste bide batzuk jorratu nahi dituztela azaldu du Liher Larreak; bide horretan, mugarri izan daiteke igandean ospatuko den Araba Euskaraz.

Azkeneko urteetan Armentia ikastola  "barrura begira" izan dela aitortu du Liher Larrea ikastolako lehendakariak, eta norabide berria hasteko mugarria izan daiteke 2019ko Araba Euskaraz. Gasteiz eta Arabatik "gertuago" izateko helburuarekin hasiko dute ibilaldi berria, ALEA FM saioan gogoratu duen moduan. Horri bultzada emateko, prest dituzte igandean Arabako ikastolen jai handia hartuko dituzten lau guneak. 

'Gertu' izango da aurtengo leloa. Zergatik?  

Hainbat arrazoigatik. Alde batetik, hurbiltasuna adierazten du "gertu" hitzak, eta ikastola gasteiztarrengandik eta arabarrengandik gertu ikusi nahi dugu, edo behintzat hori da helburua datozen urteetarako. Aurtengo Araba Euskaraz hau bide horri ekiteko lehen pausoa izatea nahi dugu. Azkeneko urteetan Armentia bere hazte horretan murgilduta egon da, eta askotan ez dugu indarrik edo baliabiderik izan Gasteizera zabaltzeko, eta uste dugu beharrezkoa dela. Bestetik, "gertu" hitzak ere prest gaudela irudikatzen du. Gertu gaude pauso horretarako; gure proiektua sendotu da, eta orain beste norabide batzuk hartu behar ditugu hori indartzeko. Hazia erein zen, eta 25 urte eta gero fruitua jasotzen ari gara orain; zabaltzea da erronka aurrerantzean.  

Aurten jasotako dirua beka sistema bat eskaintzeko izango da, ezta?  

Hori izango da lehentasuna. Beka sistema bat sortu nahi dugu ordaintzeko arazoak dituzten lagunei Armentiara etortzeko aukera emateko; batik bat, jatorri atzerritarreko familiekin sortzen den muga hori erraztea da helburua. Bestetik, biltzen den diruaren arabera, proiektu pedagogikoa indartzeko eta kirol azpiegiturak hobetzeko ere erabiliko da.  

Eskolen arteko "polarizazioa" areagotu dela nabarmendu du aste honetan Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak. Guraso atzerritar bat duten ikasle gehienak sare publikoan daude.

Bai, aspalditik datorren arazo bat da. Guk geuk eta eta Ikastolen Elkarteak ere argi utzi dugu ez dela zuzenean gure arazoa, atzetik datorren kudeaketa baten araberakoa baizik. Baina bai, gurera jatorri atzerritarreko lagun gutxi iristen dira; aipatu dugun arrazoi ekonomikoa izan daiteke arrazoi nagusia, eta hizkuntza bera ere arrazoia izan daiteke, D eredura beharrean beste eredu batzuetara errazago jotzen dute normalean gazteleraz dakiten etorkinek, euskara oztopo moduan ikusten dute.  

Egoera hori aldatzeko, zer pauso eman daiteke?  

Erakundeak eta hezkuntza arloan lan egiten dugun denok elkartu eta hausnarketa sakon bat egin behar genuke hori bideratu ahal izateko. Arrazoi ekonomikoa da nagusi, eta beharbada laguntzak eman behar dira hori bideratzeko. Armentia ikastolan bertan argi daukagu gure eskoletan dagoena ez dela errealitatearen isla.

"Armentian argi daukagu gure eskoletan dagoena ez dela errealitatearen isla"

 

 

Euskara ere erronken artean aipatu dituzue. Euskara "zabaltzeko" deia.

Euskaraz kanpoko inguru horretan murgiltzeko eta euskara bultzatzeko zer estrategia bultzatu daitekeen aztertu behar dugu, eta hori beste erakundeekin landu nahiko genuke. Hezkuntza ez da bakarrik eskola, hortik kanpora ere euskalduntzen garelako; Gasteizen ez da erraza, eta lan handia dago.

Zein da euskararen osasuna Armentian?

Ahaleginak egin arren, gure zailtasunak ditugu. Familia euskaldunetan nahiko erraza da, baina bikotekide bat erdalduna bada nabaritu egiten da, eta gurasoetako asko biak dira erdaldunak, eta hauetan kostatzen da. Euren artean erdaraz hitz egiteko ohitura hartzen dutenean, kosta egiten da euskararako pausoa ematea. Ikastola bera ere handitu da, 1.200 ikasle daude egun, ez du zerikusirik hasietako talde txikiarekin, eta hori ere igartzen da eguneroko dinamiketan.

Jolastokietan entzuten da euskara?

Egia esaten badizut, gutxi. Horretarako hainbat proiekturekin gabiltza ikastolan bertan. Euskaralagun proiektuarekin, esaterako; adin desberdinetako ikasgelak elkartzen dira, euren artean euskaraz egiteko ohitura sortu dadin. Atsedenaldietan ere euskaraz egin dezaten da helburua. Ikasgelan bertan lantzen dute, eta nahiko finkatuta dute euskara dela erabili beharreko hizkuntza, baina gero kanpotik dakarten erdaraz egiteko joera aldatzea kosta egiten da. 

Igandean hitzordu nagusia duzue: Araba Euskaraz. Ikastolak badu esperientzia halako jaiak antolatzen, ezta?

Bai. Hamahiru urte pasa dira azkeneko jaia antolatu genuenetik, baina duela bi urte Oionek antolatutakoan ere parte hartu genuen eta besteetan laguntzaile izan gara.

Inplikazio handia behar da ikastolako kide guztien aldetik halako jai bat antolatzeko?

Inplikazioa behar da, eta alde guztietakoa gainera. Urte osoan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditugu, gainera, ekainaren 16an izango den jaira bidean; zuhaitz landaketak izan dira, antzerki eta ikuskizunak, dastaketak, lehiaketak...  Igandeari begira, azken astea izanik, dena ondo atera dadin azkeneko esfortzua egiten ari gara.

"Hazia erein zen, fruitua eman du, eta zabaltzea da orain erronka nagusia

 

Arabako Bertsozale Elkartea omendu nahi duzue aurten. 

Armentia ikastolak beti izan du Arabako Bertsozale Elkartearekin harreman estua, eta erabaki genuen omenaldia egin behar geniela. Ikasle ohien artean bertsolariak daude; aspaldian ezaguna egin den Aroa Arrizubieta, adibidez, Eskolartekoa irabazi zuen Arrizubietak eta gaur egun bera da Bertxilika Armentia ikastolako bertso eskolako irakaslea. ABErekin beti landu izan du harremana Ikastolen Elkarteak eta Armentiak ere bereziki, eta horregatik omenaldia egingo diegu igande honetan, Araban bertan ere oso lotuta egon direlako bertsolaritza eta euskalzaletasuna. Egin duten lanagatik gure keinua eurei, eta lan horretan jarraitzeko "gertu" gaudela adierazteko.     

Lau gune prestatu dituzue iganderako.

Hasieratik argi ikusi genuen ikastolari berari garrantzia eman behar geniola, eta hori izango da guneetako bat. Prado parkea, Mineral ingurua eta Armentiako zelaiak izango dira beste txoko nagusiak. 10:00etan emango diogu hasiera jaiari, ekitaldi batekin, han irekiko dizkiogu ateak ibilbideari. 

Zein da galdu behar ez dugun ekitaldia?

Gustu guztierako ekitaldiak daude. Goizean zehar ikasleei begirako Erronkak izango dira hainbat gunetan, eta hortik aurrera norberaren intereseko gauzak bilatu daitezke; elektrotxaranga ibiliko da  ibilbidean zehar, herri bazkaria egingo da ikastolan bertan, haurrentzako txoko bat izango da... Guneetan hainbat jarduera nahasten saiatu gara perfil bakarreko lagunentzat ez izateko, eta adin desberdineko lagunentzako ekitaldiak izateko gune guztietan. Besteak beste, Big Band Berri jazz taldea, Potx eta Lotx pailazoak, Joselu Anaiak, dantza plaza, Ze Esatek!, Imanol Ituño magoa, Olatz Pagaldairen bakarrizketa, munduko musiken saioa edota eskulangileen azoka deskubritu ahal izango dira ibilbidean zehar.

Iganderako dena prestatzeko, azken esfortzurako laguntzarik beharko duzue?

Laguntza ez da sekula sobera egoten, eta, noski, inork lagundu nahi badu ateak zabalik ditu horretarako. Denen parte-hartzea ezinbestekoa izango da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago