Eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo. Bi modu horietan lantzen dute bertsolaritza Armentia ikastolan. Gaiarekiko ardura berezia dute bertan, eta, batez ere, harreman estua ABE Arabako Bertsozale Elkartearekin. "Horregatik erabaki genuen elkarte horrek egindako lana omendu behar genuela", azaldu du ALEA FM irratsaioan Armentia Ikastolako presidente Liher Larreak.
Bastidan eta Argantzonen izandako azkenengo jaietan ikastoletako ikasle ohiak omendu bazituzten ere, aurtengo Araba Euskarazen herrialdeko bertsozaleak biltzen dituen elkarteari omenaldia egitea erabaki dute, beraz.
Bertsolaritza Lehen Hezkuntzako ikasgaia da Armentian, Gu ere bertsotan programaren barruan, eta ABEk kudeatzen du. DBHn, berriz, Bertsoa Bizi Gazte programa gidatzen du elkarteak, bertso-tailerra eta lehiaketa txiki batekin batera. Eskola orduetatik kanpo, berriz, Bertxilika izeneko bertso-eskola eskaintzen dute. Aroa Arrizubieta ikasle ohia da bertako irakaslea, 2017an Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi zuen bertsolari ezaguna, hain zuzen. Armentiarekin ez ezik, ABEk Ikastolen Elkartearekin ere harreman estua duela dio ikastolako presidenteak. "Gainera, uste dut Araban bereziki lotura handia dagoela euskaldunen eta bertsolaritzaren artean", nabarmendu du. "Hau izan da, beraz, gure keinua orain arte egin duten lanagatik, eta lan horretan jarraitzeko gertu gaudela esateko modua ere bada".