618 hildako eraman zituzten Arabatik Erorien Haranera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko eka. 10a, 18:08

Espainiako Erorien Haranean 34.000 pertsona daude.

Gogorak Eusko Legebiltzarrari helarazi dio Espainiako Erorien Haranera lekualdatutako euskaldunei buruzko txostena. 618 gorpuzki eraman ziren Arabatik; haietatik, 498 identifikatuta zeuden eta 120 identifikatu gabe.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak-Gogorak Eusko Legebiltzarrari helarazi dio "Erorien Haranera Euskaditik eramandakoei eta beste erkidegoetatik lekualdatutako euskal herritarrei buruzko txostena". Orain arte lortu diren datuei begira, esan liteke gutxienez Arabatik 618 pertsona eraman zituztela Espainiako Erorien Haranera; horietatik, 498 identifikatuta zeuden eta 120 identifikatu gabe.

Adituen arabera, Espainiako Erorien Haranean ia 34.000 gorpu daude lurperatuta. Horietatik bi heren frankistenak dira. Gainerakoek ezezaguna etiketa daramate. Identifikatu gabeko errepublikanoak dira. 

Pertsona bat gehiago

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an egindako ikerlanaren arabera, Arabatik 617 pertsona eraman zituzten guztira (497 identifikatuta eta 120 identifikatu gabe). Gogora Institutuak egindako ikerlanak, berriz, pertsona bat gehitu die Aranzadik zerrendatu zituen Arabatik eramandako hildakoei. Zerrenda horretara gehitutakoa Angel Romero da, Madrilen jaioa, Arabako hiriburuko Manuel Iradier kaleko espetxean preso zegoela hila, 1941ean.

1959 eta 1961 artean egindako lau bidaiatan eraman ei zituzten pertsona gehienak Gasteizko Santa Isabel hilerritik Madrilgo Cuelgamuros haranera. Gogorak idatzitako txostenean jasotzen denez, 1959ko martxoaren 23rako egun batzuk falta zirenean, lehen 316 hildako atera zituzten Gasteizko Santa Isabel hilerritik. 316 horietatik, 146 lekualdatu ziren guztira: 29 identifikatuta eta 117 identifikatu gabe, Legutioko guduan eroritakoak. Gorpuzki haiek 29 kutxa indibidualetan eta zortzi kutxa kolektibotan sartu zituzten.

Gainerako 170ak hilerriko gorputegian biltegiratu zituzten, haien familiartekoak bilatu eta lekualdatzeko behar ziren baimenak lortzeko gestioak egiten ziren artean. Lekuz aldatu aurretik meza bat eman zen hilerrian bertan, agintariak, militarrak eta "erorien" familiartekoak bertan zirela. Erorien Monumentu Nazionalaren Obren Batzordeak azaldu zuenez, Arabako Gobernu Zibilak 1959ko maiatzaren 25ean 18.801,57 pezeta jaso zituela lekualdatzeen gastuengatik.

Familiaren baimena

Gogoraren txostenak jasotzen duenez, 1959. urte hasieran EAEko Gobernu Zibilak gotzainekin harremanetan jarri ziren, gorpuzkiak ateratzeko baimenak ematen has zitezen. Gorpuzkiak ateratzeko baimenak udalek ematen zituzten, eta familiartekoei jakinarazi behar zitzaien horretarako eguna eta lekua. Beren senidea familia-panteoira eraman nahi bazuten, operazio horrek sortzen zituen gastuen kargu egin behar ziren. Espainiako Erorien Haranera eramateak sortzen zituen gastu guztiak, ordea, erregimenaren kontura ziren.

Baimenen inguruan hutsune handia dago Araban. Gogorak lortu duen datu bakarra da Arabako Gobernadore Zibilak 1959ko martxoaren 23an izenpetutako dokumentu bat, non jakinarazten zitzaion Ministerioari 29 zenduk zutela familiaren baimena lekualdaketa egiteko. Dokumentu horretan bertan argitzen zen beste 170 gorpuzki atera zirela Santa Isabel hilerrian, eta banakatuta utzi zirela hilerriko gorputegian, familiartekoen aldetik behar ziren baimenak lortu bitartean. Horrez gain, identifikatu gabe zeuden 120 pertsona, eta horiek lekualdatzeko ez zuten baimen beharrik. Gainerako kasuetan ez da jakin familiaren baimenarekin edo hura gabe eraman zituzten.

Dokumentazio falta

Egindako lanaren ondorioz, Gogorak egiaztatu du artxiboetan hutsune handiak daudela, eta horrek zailtasun ugari sortu ditu ikerlana egiteko orduan. Hala, herrialde guztietako gobernu zibilek Gobernazio Ministeriora bidali zuten dokumentazioa Administrazio Artxibo Nagusian (AGA) jasota dago, baina funtsa ez dago osorik. "Horren adibide argia da Arabako herrialdea: 618 zendu eraman zituzten lau fasetan, 1959 eta 1961 artean, eta haietako 498 identifikatuta zeuden, baina AGAn 13 dokumentu baino ez daude jasota".

Errolda

Eskuratu diren datuak oinarri hartuta, Erorien Haranera lekualdatutako pertsonen errolda jaso du Gogorak, nahiz eta egun, datuok ez diren osoak, identifikatu gabe dauden gorpuzkiengatik eta  aipatutako dokumentazio hutsuneengatik.

Gaur arte, bederatzi familia beraien senitartekoen gorpuzkiak berreskuratzeko izapideak egiten hasita daude, eta horietatik zazpik Gogoraren bitartez egin dute eskaria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago