Gorbeiako parke naturalak 25 urte bete ditu, eta urteurren horretan natura balioak ezagutarazteaz gain haren biodibertsitateak egin duen ekarpena nabarmendu nahi dute. Lehenengo sektorea omendu nahi dute, landa bizitza eta ingurumen jasangarritasunaren artean beharrezkoa den oreka ahalbidetzen duena. Eta xede horiek oinarri, hainbat ekitaldi antolatu ditu iganderako, hilaren 9rako.
Tontorrean elkartuko dira herritarrak igandean. 09:15ean hasiko da jendea igotzen bi mendi hegaletatik –Zarate eta Saldropo–, eta gurutzera 12:30 inguruan iritsiko dira, eta han bertan hamaiketakoa izango dute mendizaleek. Aldunditik egin duten proposamena da Arabatik igotzen direnak Bizkaiko ibilbidetik jaistea, eta Bizkaitik igotzen direnak Arabatik jaistea. Horretarako, autobusa jarri dute.
Ospakizunak ekainaren 21ean jarraituko du, egun horretan –duela 25 urte– deklaratu zuten Gorbeia parke natural. Egun horretan haurrentzako antzerkia, hitzaldi etnografikoa, animaziozko bideo dokumental baten emanaldi berezia eta sorpresa izango dira.